Amuak

Yurre Ugarteren literatur gomendioak udarako

Ostirala, 2021-07-23

Ikasturte honetan idazleen apalategietan kuxkuxeatu dugu; uztailean, berriz, haienáuda-gomendioak eskainiko dizkizuegu. Nobedade, klasiko eta liburu kuttun bana aipatzeko eskatu diegu. Gaurkoan, Yurre Ugarte.

Yurre Ugarte (Tolosa, 1965) Gasolindegian (Alberdania, 2010) izan zuen lehenengo ipuin liburua. Handik hamar urtera jaso dugu bigarrena, Lilurabera (ikus elkarrizketa HEMEN). Berriki oihartzun handia izan duen beste liburu bat plazaratu du: Joana Maiz (Harriet, 2019) nobela grafikoa, Joseba Larratxerekin batera ondutakoa.

Liburu kuttun bat

Bluets Maggie Nelson

Maggie Nelsonen liburuak kuttunak ditut, behintzat orain arte irakurritakoak, The argonauts, The art of cruelty... Kuttunena, akaso, Bluets hauxe. Liburu honek kolore urdina du ardatz, abiapuntu, fondoko paisaia, inspirazio iturri, obsesio. Baina ez da urdinaren tasun eta kerien zerrenda aspergarri bat, urdinaren jonkiek soilik gozatzekoa, ez, horixe. Sailkatu nahi izanez gero, esan liteke 240 testu-pusketaz osatua dagoen saiakera liriko bat dela. Dena den, zertarako sailkatu. Gustuko dut amodioaz eta minaz hausnartzen duen moduagatik. Hausturak, galerak eta hutsuneak esploratzen dituelako ezusteko bide literarioetatik. Egileak berak sakonean sentitu duena trebetasunez gurutzatzen duelako gogoeta intelektual argiarekin. Ideien eztanda eta ugaritasuna, ˝abarduraren aldeko apustua eta etengabeko dardarizoa aurkitzen ditut irakurtzen dudan aldiro. (Bluets gaztelaniaz argitaratu dute aurten, ahazteko moduko portada grisarekin. Bluets, Tres puntos ediciones, 2021).

Klasiko bat

Frankenstein Mary Shelley (Igela-Erein, I˝igo Errasti itzultzailea)

Klasikoak agorrezinak badira, Frankenstein zer esanik ez. Nerabezaroan irakurri nuenean, beldurrezko istorioarekin bainoago geratu nintzen alderrai dabilen g-izaki ez ulertu eta bakartiarekin, esan gabe doa harekin guztiz identifikatuta. Ez alferrik esan ohi da Frankenstein nerabezaroaren errelato petoa ere badela. Hurrengo irakurraldietan joan nintzen beldurrezko istorioaren baitan dauden geruza filosofiko eta existentzialak nabarmentzen; kontakizun fantastikoaren teknika eraginkorra apreziatzen; bizia sortzearen gaiari ikuspuntu ezberdin batetik heltzen; Mary Shelley miresten. Genevan,1816ko uda hotz eta euritsuan, egileak 18 urte zituela idatzitako testuak, aurten irakurri ostean, beste norabait eraman nau: hiritar ustez neurritsu eta zibilizatuok egun helburu dugun adimen artifizialaz ohartaraztera, hara non. Agorrezina izatearen ezusteak.

Nobedade bat

Izarak Goizane Aizpurua (Alberdania, 2021)

Goizane Aizpuruaren Afasia Airlines poesia liburua irakurtzen gozatu nuen. Oraingoan, argitaratu berria den Izarak deituriko haren lehen eleberrian murgildu naiz. Oporretan izara artean gertaturikoak betirako baldintzatu du hiru lagunen arteko harremana. Bikote heterosexualaren parte den emakumeak gizonarekin izandako erlazioa zalantzan jarriko du, eta bilaketan hasiko da. Barne bilaketa, kanpo bilaketa. Gizonezkoak, aldiz, bere horretan, ez du inondik inora mugitu nahi. Idazkera dentso eta arakatzaile baten bitartez datorkigu istorioa, horixe azpimarratuko nuke. Xalokeria eta azalkeria izpirik gabe idatzia dago, eta horrexegatik, guztiz eskertzekoa eta gomendagarria iruditu zait.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)