Amuak

Elena Aitzkoa Reinosoren gorputz-adarrak

Asteartea, 2013-07-02

Eskultura, performancea, marrazkia izan ohi dira Elena Aitzkoa Reinosoren adierazpide nagusiak. Artistak La Revolución de las Extremidades izeneko liburua kaleratu du aurten, eta “Emakume primitiboa” izeneko proiektua gauzatu du Artium-en, martxoa eta maiatza artean. Amuak atalean topatuko duzue.

Martxotik maiatzera bitarte eskulturak egiten jardun da jendaurrean, Artiumen. Apurka osatu du beraz erakusketa eta hiru performance egin ditu bidean, tartean aurten kaleratu duen La Revolución de las Extremidades liburuan oinarritutakoa.

La Revolución de las Extremidades liburuari buruz

Bi poema luzek osatzen dute liburua: Para Mikel (2011, Madril) eta A mi hermana (2009-2012, Bilbo, Apodaka, Madril). Poema luzeotan narrazioa, letra tipo handia, marrazki tartekatuak.

Nire oroitzapenetan ibili naiz, arteak oroitzapenek baino botere handiagoa duela sinestera ausartuz. Gaurkoan guztia nik nahi izan dudan bezala gertatzen dela sinestera ausartuz. Nahi dudan edo nahi izango dudan bezala.”

Oroimena bizi esperientzia bilakatzen du egileak, oroitzapena bera oroit-xedea baino indartsuago datorkio orainean. Horretarako bere estudioan azalduko du bere burua, idazketaren unean ageri, baina emozioekin, gorputz osoarekin oroituz iraganeko arrastoak. Gorputza zaio idazgune, abiapuntu eta orube; gorputza, eta batez ere behin eta berriz gomutatzen zaizkion gorputz-adarrak.

Ez zahar ez berri diren amodio guztiek dute aurpegia. Errepikatzen den bakarra bi eskuak dira. Esku ahurreko marrarik gabeko eskuak, ez ildo ez ibai. Tximeleta eskuak”.

Oroitzapen bizi horiek asko dute zorionetik, baina baita ere isilean onartzen den iluntasunetik:

Amets bat, abentura sekretu bat planetaren isiltasunean”.

Sekretuak ere, agian, oroitzapenak direlako.

Txikia naiz eta mundua berriz handia. Nire begiak ez dira kabitzen munduan”.

Haurtzaro, gaztaroko erotismo aurkitu berriak, udako jolasak, eguzki zauriak.

Beti edukiko dugu gure antza, aurpegietatik harago, besoak mugitzeko moduan”.

Maitasuna.

Amnesia dut eta maitatzeko prestatua nagoen moduan maitatzen dut, halako zehaztasunez ezen ezin duzun ez ulertu, eta ezin duzun nahi ez jaso. Misil bat jaurti dut”.

Gutunak, bigarren pertsonak, oroitu ahala orain, poesia, irakurgai bilakatzen diren sentipen-akzioak:

Maite ditut zure eskuak. Maite dut zure ilea. Maite dut zure ilea zure gorputz osoan hazten. Maite ditut zure adar luzeak. Gorputz-adarren iraultzaren seme-alabak gara”.

Elena Aitzkoari buruz

Elena Aitzkoak (Apodaka, Araba, 1984; Madrilen bizi da eta han lan egiten du) Arte Ederretako lizentzia burutu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bere jardunak margolaritza, marrazkia, idazkera, pelikulak zuzentzea eta, bereziki, eskultura biltzen ditu. 2004an hasi zen erakusketak egiten. Zenbait bakarkako erakusketa egin ditu (I Love You Baby, Bilbo 2007, Mi padre quiere a mi madre, Bilbo 2009, Chocolate, chocolate muffin, Donostia 2011) eta bere erakusketen artean nabarmentzekoak dira azken urteetan beste artista batekin egin dituenak: Acontecer tonto, Vitoria-Gasteizen 2010ean Raúl Domínguezekin batera, Cohetes, Kiko Pérezekin Basaurin 2011n, eta Mitya, June Cresporekin batera Iruñean 2012an. 2011n performanceak egiten hasi zen Bilbon, Vitoria-Gasteizen, Washingtonen edota New Yorken.

Lalavandera” proiektuari buruz

La Revolución de las Extremidades liburua Lalavandera argitalpen proiektuaren baitan plazaratu da:

Elena Aitzkoa eta Raúl Domínguez artisten proposamena da Lalavandera: gure lanak zigilu komun baten pean argitaratzeko proiektua, formaren politika berri baterako giltzatzat intimotasuna aldarrikatzen eta eremu poetikoa handitu nahi duena.

Gure lanetatik hasita, Lalavandera beste egile batzuen testuak eta ekarpenak argitaratu nahi ditu etorkizunean, malgutasunez, moduei dagokienez, eta desberdintasunen bizikidetza sustatuz.

Lalavandera sortzen ari den zigilu bat da, eta, aldi berean, ontzia eta misil-jaurtigailua izatea du xede. Berez ere hurbilekoak diren zenbait lan (idazkuntza, marrazkia, musika, filmak) are hurbilagokoak egiteko modu bat da.

Joan den udazkenean, paperean argitaratu ditugu Para Mikel eta A mi hermana, Elena Aitzkoarenak biak, eta Raúl Domínguezen Libro de verano, istorio batek zeharkatzen duen marrazki-bilduma hautatua.

Amu honen uberan:

Elena Aitzkoaren bloga, arteari buruz

Elena Aitzkoa hizpide, June Crespok egindako erretratu sunjektiboa:

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)