Albisteak

BADA! Antzerkia

Astelehena, 2021-12-06

Udazkenean argitaratu diren antzerki-liburuei erreparatu diegu artikulu honetan, Durangoko Azokaren 56. edizioaren aitzakian. Irudia: Miss Karaoke antzezlaneko une bat (Pez Limbo eta Metrokoadroka).

 

Azken urteotan, nagusiki bi egitasmoren bitartez kaleratu dira antzerkiari lotutako liburuak gurean: EHAZE liburuak eta Ganbila (Susa). Haien argitalpen berriei buruzkoak bildu ditugu jarraian.


EHAZE liburuak

Duela bi urte ekin zion Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak liburuak argitaratzeari, eta badoa, poliki-poliki, bidea egiten. Udazkenean, bi liburu ekarri dituzte plazara.

Lehenik, 25 urte eta bat gehiago, Ane Zabala eta Galder Perez egileen eskutik. Izan ere, mende laurdena pasa da Zabalak eta Perezek Gilkitxaro antzerki taldea osatu zutenetik. Hori ospatzeko atera da liburua, zeinak bi atal baititu: «Batetik, Euskal Herriko hamaika antzerkilarik partekatutako oroitzapenak, Gilkitxarorenik lotuta baina, era berean, euskal teatroaren garai oso bateko erretratua osatzen dutenak. Bestetik, taldearen hiru obretako gidoiak: “Honolulu, leku bat”, “8 begi” eta “Adarretatik zintzilik”».

Bestalde, Miss Karaoke antzezlanari buruzkoak kontatu dituzte Oier Guillanek eta Metrokoadroka kolektibokoek Miss Karaoke. Sormen prozesu baten erraiak liburuan. Edurne Azkaratek idatzi du lanaren hitzaurrea, eta Javier Barandiaranek, berriz, haren hitzostea; gainera, liburuan «antzezlanaren bi bertsio daude eskuragai: jatorrizko testua eta oholtzara eraman zena, sormen prozesuari buruzko kronika mamitsu batekin batera. EHAZEk testuok irakurtzeko eta gozatzeko proposamena egiten dizue, antzerki-osteak euskal antzerkiaren sisteman daukan tokiaren adierazle gisa».


Ganbila bilduma (Susa)

Ganbila bilduma EHAZEk eta Susa argitaletxeak abiatu zuten 2019an, eta harpidetza bidez funtzionatzen du. 2021eko udazkeneko labealdian, hiru izenburu kaleratu dituzte, ohi bezala.

Batetik, 39 lore plazaratu du Amancay Gaztańaga antzerkilariak. Bildumako editoreak nahi zuena idatz zezala eskatu zion, eta eskakizun horri erantzunez ondu du Gaztańagak bere lana. Hona hemen liburuari buruzko laburpen iradokitzailea: «Krudelak iruditu zaizkit beti antzezlanetako heroi femeninoak. / Krudelak beraien zauriak. / Krudelak beraien auziak. / Krudelak emakume hauek, gizonezkoen buru horietan, egitera behartuta zeuden ekintzak. / Krudelak beraien fama. / Krudelak beraien lanak eta dramak. / Krudelak ere ateratako kanak. / Nahiko nituzke askatu. / Nahiko nituzke askatu. / Zuen kargak».

Peru Calabaza Sabanek, berriz, 99 pauso ganorabakoen aldamenean antzezlana argitaratu du, «luzaroan tiradean gordetako» obra. Hala ere, EHAZEkoen sar hitzak dakarrenez, liburuak ez du gaurkotasunik galdu: «Ez, behintzat, estetikari eta formari dagokienean. Izan ere, testuak bete-betean kokatu baikenezake xx. mendean garatzen joan den teatro postdramatikoa deiturikoaren (ustezko) ezaugarriekin: izaera zatikatua, absurdoaren eragina, poesiarekiko lotura formala... gorputzetan pentsatutako idazkera da bertakoa, literatur testu itxi bat osatzea baino gehiago lanerako material batzuk eskaintzea xede duena. Hitzak, irudiak eta gorputzak; haria (egonez gero) interpreteek jarriko dute».

Azkenik, Patricia Urrutiaren lana dago, Porno vs Afrodita (edo I [love] #gorkaurbizu). Aurreko bi lanek ez bezala, obra hau oholtza gainean erakutsia izan da. Adinaren arabera irakurketa desberdinak eskain ditzakeen lana da, EHAZEko kideen iritzian: «Seguru gaude hura ikustean gazteek topatuko zutela haien kezken isla, haien beharrekin bat egiten duen energia mota bat. Ikusle helduagoei, ordea, askotariko irakurketak eskaintzen dizkien obra da honakoa: ironia zorrotz bat, Pornoren eta Afroditaren arteko lehia absurdo eta umoretsuan adierazpen gorena hartzen duena».


Bonus track: Eztena liburuak

Udaberrian plazaratu bazen ere, beste liburu bat aipatu behar dugu ezinbestean: Alamedako dantzaldia. Audiodramak, usoak, baltsak (Eztena liburuak). Eider Adeletxek idatzi du, Sra. Polaroiskaren proiektua oinarritzat hartuz. Irakurri hemen autoreari Berria egunkarian egindako elkarrizketa.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)