Albisteak

Udaberriko nobedadeak iragarri ditu Elkar argitaletxeak

Astelehena, 2017-02-13

Udaberriko labealdian argitaratuko dituen liburuen berri eman du Elkar argitaletxeak; uzta oparoa, izan ere: zazpi eleberri, hiru kronika-liburu, ipuin-liburu bat... Albiste honetan bildu ditugu guztiak.

Udaberria badator eta badatoz aurtengo lehen labealdiko liburu berriak. Elkar argitaletxeak iragarri ditu dagoeneko bere nobedadeak: Kattalin Miner, Arantxa Iturbe, Ana Malagon, Virginie Despentes, Joxe Azurmendi...

FIKZIOA

Nola heldu naiz ni honaino?

Lehen eleberria du Kattalin Minerrek. Orain bi urte eskuratu zuen Igartza beka, eta horren fruitua da aste honetan bertan aurkeztuko den lana.

Sinopsia: Enpresan mailaz eta soldataz igotzea, herentzia bat jasotzea, etxe bat erosi ahal izatea, lagun ugari edukitzea… Arrakastaren laukitxo guztiak beteak ditu Jezabelek, argi du zer nahi duen bizitzan eta zirt-zart hartu ohi ditu erabakiak. Halako batean, ordea, txikikeria batekin paralizaturik geratuko da.

Koadernoa zuri

Arantxa Iturberen lehen eleberria dugu hauxe. Aurrez, hainbat narrazio-liburu eta antzerki bat kaleratuak zituen irrati-esatari ezagunak, eta testu honi tiraka, antzezlana estreinatu zuen iaz Hika teatroak. Eleberri honetan, bi ahizpa jarriko ditu parez pare Iturbek, ama hil berritan.

Sinopsia: Bi ahizpa, urtetan elkar ikusi ez dutenak, bat-batean amaren heriotzak berriro elkartu dituen arte. Asko dute batak besteari esateko, urrun egon diren bitartean bakoitzari gertatu zaizkionak, eta baita lehenagotik nork bere kolkoan gordetakoak ere. Otzan eta esanekoa izana da bata, errebelde eta lotsagabeagoa bestea, ama estu eta zurrunaren alabak biak ere.

Gelditu zaitezte gurekin

Orain hiru urte argitaratu zuen lehen ipuin-liburua Ana Malagonek: Lasai, ez da ezer gertatzen (Elkar, 2014). Orduko hartan, mikroipuinak bildu zituen; oraingoan, berriz, ipuin luzeagoak dakartza. Hamalau ipuin dira guztira, gai-sorta zabala ukitzen dutenak baina oro har bakardadearekin, komunikazio faltarekin, izandako espektatibak ez betetzearekin zerikusia dutenak.

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama

Hirugarren eleberria du hau Alaine Agirrek. Aurrez, Odol mamituak (2014) eta X hil da (2015) eleberriak kaleratu ditu, eta hirugarren honekin, ziklo bat itxi nahi du. Joseba Jaka beka eskuratu zuen proiektuari esker.

Sinopsia: Amarekiko harremanak aztertzen ditu narratzaileak bertan, batzuetan gozo besteetan garratzak, maitasunez eta gatazkaz beteak. Amagandik hasita, baina, familia osoa hartzen du begipean kontalariak, haiek guztiek eta harekiko erlazioak egin dutelakoan bera den bezalakoa.

Alexix Zorba greziarra

Nikolas Kazantzakisen eleberria euskaratu du Luis Berrizbeitiak.

Sinopsia:Literatura greziar modernoaren egile gorentzat daukagu Kazantzakis, eta haren eleberri ospetsuena da “Alexis Zorba greziarra”, baita XX. mendeko literaturako maisulan zalantzarik gabea ere, film mitiko bati esker munduan barrena ezagun egin zena. Bizitzari egindako gorazarre bat.

Politika zikina

Apirilean argitaratuko da Iñaki Irasizabalen nobela berria. Idazle emankorra da Irasizabal, eta gai sozialak eta arantzatsuak jorratzen ditu bere eleberrietan.

Sinopsia:

PSEko zinegotzia da Marta, eta bere mutil-lagunak konbentzitzen du alderdiko primarioetara aurkez dadin, alkategai izateko. Horrek, baina, lehen lagunak zituen asko etsai bihurtzea ekarriko dio, eta komunikazio-estrategietan trebatu beharra, bai alderdi barruari bai gizarteari begira. Mutil-lagunak berak zuzenduko dio kanpaina, baina bikoteak baditu bere arazoak ere. Bere ohiko nobela beltzak alde batera utzita ere, gizarteari begi zorrotz eta umoretsuz begiratzen jarraitzen du Iñaki Irasizabalek.

Telleria eta gero, zer?

Hirugarren liburua du Ernest Prat Urzainkik. Aurrez, beste bi nobela kaleratu zituen: Hiru ilargi laurden (Metaziri, 2012) eta Orpoz orpo (Txalaparta, 2014).

Sinopsia: Baztango plan urbanistiko erraldoi baten bueltan, hainbat pertsonaia eta gertakari nahasten dira eleberri beltz honetan: sekta ultrakatolikoak, kontrabando arkeologikoa, momia egiptoarrak, psikiatrikoko gaixoak rock kontzertuak eta, batez ere, protagonista ahaztezin bat: Lurra, neska bizizale eta urduri bat, Baztan bukolikoaren irudia zapartatzera datorrena.

Frantziara bizitzera!

Maddi Zubeldiaren lehen eleberria dugu hauxe.

Sinopsia: Sei urteko Anak Frantziako Mesozera bizitzera joatea argitik itzalerako bidaia bezala bizi du. Ilunpe horretan badu izpi ederrik, halere: aitaren hitz-joko zoragarriak, Danièle lagun-mina, eta, batez ere, barne mundu ezin aberatsagoa. Ana ez baita edozein neskatxa. Amets-bidaiak egiten ditu, eta bertan sekretu harrigarriak azaleratzen, emeki-emeki.

EZ-FIKZIOA

Gerrak ez du emakume aurpegirik

Etenaldiaren ostean, martxan da berriro Jokin Zaitegi itzulpen-saria, eta, halaxe, Svetlana Aleksievitx Nobel saridunaren kronika-liburua irakurtzeko aukera izango dugu. Iker Sancho aritu da itzultzaile.

Sinopsia: Svetlana Aleksievitx idazle bielorrusiarraren liburu goraipatuena dugu hau: II. Mundu Gerran borrokan ibilitako emakumeen testigantzak biltzen ditu bertan, normalean historia-liburuetan inoiz jaso ez diren istorioak, kazetari-sen zorrotz eta xehetasunetarako sentiberatasun apartaz. Fikziotik aparte, baina literaturaren tresnak erabiliz. Erreportajearen generoari eman zaion lehenengo Nobel saria, Jokin Zaitegi bekari esker euskaratu du Iker Sanchok, errusieratik.

Ekaitzaren zipriztinak

Historia hurbileko gaiei buruz ikertzeko beka da Tene Mujika. Miren Garatek eskuratu zuen iaz, eta horren fruitua da liburu hauxe.

Sinopsia: Krisiaren aurpegi desberdinak erakutsi nahi izan ditu Miren Garatek erreportaje sorta zabal honetan: 2008 inguruan hasitako krisi ekonomikoak guztion bizitza aldatu duela esan liteke, aldi txar igarokor bat baino gehiago, mundua eta harreman ekonomikoak aldatu dituen ekaitz iraunkor bat izan dela. Aldaketa horren hainbat alderdi aztertzen dira liburuan: emigrazioa, gizon-emakumeen arteko (des)berdinatasuna, ekintzailetza deitu ohi zaiona, finantza-produktu ustelek harrapaturik geratu direnak, etxe-kaleratzeak, janari-bankuak, enpresako mobbinga, jubilatuen egoera gero eta kaxkarragoa, xenofobia… Gai horietako bakoitzean, protagonista batek lehen pertsonan eskaintzen du bere lekukotasuna, eta ondoren kazetariaren erreportaje landua dator.

Hizkuntza, nazioa, estatua

Saiogile emankorra dugu Joxe Azurmendi. Aurrez beste kontzeptu batzuekin egin bezala (Bakea, kondena, tortura), saiakera honetan hiru kontzeptu hartu eta aztertu ditu, harremanean.

Sinopsia: Hizkuntza, Nazioa, Estatua kontzeptuei eta haien arteko harremanei buruz hausnarrean jarri da Joxe Azurmendi, ez erudiziozko saio akademiko bat egiteko, baizik eta gaiaz interesa dutenekin elkarrizketa sustatzeko; ez polemika bilatuz, baina eztabaidari ihes egin gabe; historiaren argitan, baina etorkizunari begira.

King Kong teoria

Eskafandra bildumako bigarren izenburua dugu hauxe. Jakinek eta Elkarrek elkarlanean sustatu duten bilduma feminista dugu. Iaz, Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea saiakera itzuli zuen Danele Sarriugartek, eta, oraingoan berriz, Virginie Despentesen liburu sonatua euskaratuko du Itziar Diaz de Ultzurrunek.

Sinopsia: Feminismo liberal edo azaleko baten aldean, aldarrikapen erradikalago bat dakarren testu bortitz eta indartsua, saiakera eta autobiografia elkartzen dituena, itsustasunetik idatzia eta hainbat gai polemiko jorratzen dituena, hala nola bortxaketa, prostituzioa edo pornografia.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)