Albisteak

Peru Iparragirreren lehen kronika: asteazkena, abenduak 5.

Osteguna, 2018-12-06

Peru Iparragirrek hiru kronika idatziko ditu datozen egunetan Durangokotik. Atzo eguna azokan pasa ostean, jarraian irakurri dezakezue lehen egunari buruzkoa.

Ateak ofizialki zabaldu aurretik sartzeko ahaleginean porrot egin eta bueltan zetorren nerabe dozena baten artetik sartu gara Landakora, hamar terdietarako bost minutu falta zirela. Bistak ematen zueneraino zegoen beteta Landako ingurua. Azoka gunea bilakatuko zen berotegi barrua oraindik bare topatu dugu, oraindik ez hain bero, baina airean usain zitekeen zetorren ekaitza, salmahaien ostean, babesean, zeuden zain saltzaileak. Eraikina inguratzen zuen burrunba gainean genuen ohartzerako. Ez dira terdietako kanpai-hotsak entzun ere egin, jo dituztenik ere ezin jakin ziur. Jende saldoa sartu da arrapaladan Landakora ate nagusiak zabaldu dituztenean. Goienkale, Artekale, Barrenkale lehen lasaiak enpo egin dira bat-batean eta hondartza txikian marea bizia igotzean nola desagertu da azoka gunearen lurra milaka gazteren zapata pean.

Prentsaren gunea den talaian hartu dut babes, sasi-kazetari, egin beharreko lanaren trukean azokari gainetik begiratzeko dudan aukera aprobetxatuz. Bertarainoko bidea egitea zaila zegoen ordurako, zaila baita jende-marearen korrontean nahieran ibiltzea. Harrabotsak bete du datozen bost egunetan kulturaren berotegi bilakatuko den gunearen espazio akustiko osoa.

Eszena apokaliptikoaren antza hartu diot azokaren lehen egunaren hasierari, orain aste gutxi Black Friday delakoaren ondorioz ikusi eta deitoratutako irudien antza: ateak zabaldu eta jende olatu bat saltoki barnerakoa egiten isurkari bat edukiontziaren zoko guztiak okupatzen nola. Ez naiz, ordea, euskal kulturaren azken orduak kronikatzera etorri, ez direnez hauek euskal kulturaren azken orduak, Durangoko Azokaren 53. edizioa kronikatzera etorri naiz: dagoeneko bere burua Euskal Liburu eta Diskoen Azoka gisa aurkezten duen azoka, irla bat gure kulturatxoan, arnasaldi bat kultur merkatarientzat, elkargune bat hainbat sortzailerentzat.

Ikasle eguna izan da lehen eguna aurtengo edizioan. Azokaren lehen eguna izanagatik ere egitarau guztiko egunik ahulena izan delako irudipena eman lezakeena. Gaur goizeko ekitaldi guztiak itxiak izan dira, aurrez izena eman duten ikasleentzako erreserbatuak, Ahotseneako zuzeneko kontzertuak salbu. Goizean egon den ikasle saldoa joandakoan lasaiago geratu da Landako, jai-eguna izan ez denez badirudi bisitari gutxi izan dituela azokak lehen egunean.

Goizeko egitarauari dagokionez, literaturari eta liburugintzari lotutako bi hitzordu egon dira, ikastaroak biak, aurrez izena emandako ikasleekin egin direnak. Yurre Ugartek ordubeteko idazketa tailer bat gidatu du Ahotseneako solasaldien gunean, Gaur egungo testuak izenekoa. Maite Mutuberriak eman beharreko Liburu bat egingo dut ikastaroa bertan behera geratu da azken unean eta Iñaki Martiarena Mattinek eskaini du komikigintza lantzen duen Bizitza dario ikastaroa.

Behin neure burua lasaitutakoan talaiaren eskailerak jaitsi eta saldoan barneratu naiz, Barrenkalerakoa egin dut, idazleren bat topatuko ote nuen bertan. Nerabez inguratuta ikusi ez ditut ba idazleak, haiekin selfieak ateratzeko eska eta eska gazteak. Hasieran harritu eta poztu banaiz ere gutxi behar izan dut jazotzen ari zenaz jabetzeko. Izenik eta obrarik gabeko idazleekin argazkiak ateratzeko lana eman diete ikasleei, antza denez, irakasleek. Beste lanik ere izan dute nerabeek, liburuei buruzko datuak jasotzea —izenburua, egilea, prezioa, literatur-generoa— edota idazleen sinadurak biltzea. «Nor da idazlea?» galdezka gerturatu omen zaizkie ikasleak standetan liburu-salmentan ari zirenei.

Ikasleak ez dira euren kabuz etorri, irakasleek lagunduta baizik, eta Landakoren kaleak ikaslez beteta egonagatik ere salmenta zenbakiak ez dira oso altuak izan gaur, irakasleek eta propio azokara erositako bestetzuek egin dituzte erosketak beste inork baino gehiago, nahiz eta halakoetan izan ohi den beti sorpresa onen bat, saltzailea harritzeko besteko aukera egiten duten nerabeak, esaterako. Liburu-salmentaz ari naiz, eta, noski, azoka ez da liburu-salmenta soilik. Izan ere, azokan ez da salmenta soilik, bada erakusketa ere, kontzertu, solasaldi, antzezlan eta ikus-entzunezko formako kultur-kontsumoa eta, esan bezala, bateko eta besteko sortzaileekin, argitaratzaileekin eta abarrekin topo egiteko aukera ere bada. Azokaren balio erantsi horren erakusgarri izan dira gaur goizeko ikastaroak, hain zuzen ere.

Pare bat galdera egin dizkiot nerabeek idazlea dela-eta argazkia eskatu dioten idazleetako bati, Yoseba Peñari. Hariak (Susa, 2018) eleberria plazaratu du aurten —abenduaren 7an arukeztuko du Ahotsenean—, baina irakasle gisa etorri da gaur, batxilergoko gazteen laguntzaile. Bigarren urteko ikasle guztiak ekarri dituzte txangoan, eta hamar-bat ikasle gehiagorentzat lekua zutenez lehen urtekoei proposatu zieten azokara etortzeko aukera. Hamar ikasle horiek lehiaketa baten bidez hautatu dituzte: sormen lan bat egin behar izan dute. Etorri diren batxilergoko lehen urteko ikasleak gogoz etorri direla esan du Peñak, bigarrenekoak, aldiz, ez hainbeste, denbora-pasa. Dena dela, Peñaren irudipena izan da iaz baino hobeto joan dela irteera, aurreko urtean ikasleetako asko Landakora sartu ere ez omen baitziren egin. Aurten, idazleen aldean ikusi dituzte. Peñaren hitzetan, ikasleen eguna arraroa da idazle gisa, jolasen-baten aitzakian gerturatzen omen dira gazteak, idazleak zooko animalia bailiren.

Gaur egungo testuak ikastaroa dinamizatu duen Yurre Ugarterekin mintzatu naiz ikastaroa amaitu eta berehala, Landako burrundatsutik atera eta Plateruenara sartu gara. Burrundatsu zengoen hura ere, eta zurito banarekin atera gara kanpora, nerabez beteta zegoen orduan ere Landako eta Plateruena arteko plaza.

Ahotseneatik proposatu zioten Yurre Ugarteri nerabeekin idazketa tailer bat egingo ote zuen, ea ausartuko ote zen, Durangoko Azokan ordubetean halakorik egiten. Baldintza horietara egokitu du ikastaroa, hamabost urteko nerabeak ordubetez idazten edukitzeko eta asper ez zitezen haien gailuetatik abiatuta proposatu du ariketa Ugartek, idazteko akuilu gisa parte-hartzaileen egunerokotasuna hartuta. Izan ere, gaur egun sare sozialetan idazten baitute gehien bat gazteek. Bestalde, literatura idatzitik bildutako esaldi batzuk proposatu dizkie ikasleei, nahi izatera haien testuetan txertatzeko edo abiapuntu gisa hartzeko. Idazle ezagunen esaldi ezagunak, nahiz eta nerabeek bat bera ere ezagutu ez lehendik, Ugartek esan duenez.

Bilboko La Peña auzoko Ibaizabal ikastolako D ereduko 15 ikasle elkartu dira ikastaroan. Testu bana sortu dute, gehienak egunerokotasunetik abiatutakoak, azokari edo Durangora etortzeari buruzkoak. Ugarteren arabera oso ondo pasa dute ikasleek eta gustura aritu dira, euren testuak ahots gora ere irakurri dituzte saioaren amaieran. Erronka izan da Ugarterentzat eta ikasleentzat baina ariketa ondo atera dela dirudi, hamabost testu duin eman ditu ikastaroak, Ugarteren hitzetan bizitasun eta egunerokotasun handikoak.

Bizitza dario ikastaroa eskaini du, era berean, Iñaki Martiarena ‘Mattin’-ek, Galtxagorri eta Euskal Editoreen elkarteen laguntzaz. Goiz osoan zehar Oiondik, Beasaindik eta Zumaiatik etorritako 13-14 urteko 60 gazterekin aritu da hitzen eta irudien arteko zubi-lana egiten, bi txandetan. Nahiz eta lehenagotik ere aritua den tailer hau berau ematen gaurkoa berarentzat erronka izan dela esan du Mattinek, gainditutako erronka. Berak gaia jarrita biñeta bana marraztu du gaztetxo bakoitzak paper zati handi batean. Honetan ere gustura aritu omen dira ikasleak. Bestalde, Mattinek eta Ainara Maiak Muxuak poema liburu ilustratua atera dute Zortziko argitaletxearekin, abenduaren 8an Ahotsenean aurkeztuko dutena.

Eguerdia gerturatu ahala husten joan da Landako, nerabeak autobusetan sartu eta itzulerakoa egiteko negutegiaren pareko plaza bete delarik. Eguneko lehen liburu aurkezpenera geratu dira gazte batzuk, Jasone Osoro eta Josevisky Eskularru beltzak saileko laugarren liburuaz aritu dira: Ihes (Elkar, 2018). Liburu gutxi aurkeztu dira gaurkoan, oro har. Besteak beste, EHUk eta UEUk azken argitalpenak plazaratu dituzte.

Arratsaldean, Aritz Gorrotxategik Ahazten diren gauzak (Erein, 2018) ipuin liburua aurkeztu du eta bere ostean, Karlos Linazasorok Lurra bere erro gorrira (Balea zuria, 2018) poema liburua. Ordurako nerabe gutxi batzuk baino ez ziren geratzen Azoka inguruetan —kontuan izanik goizeko saldoaren ostean ia edozer dela gutxi— eta publikoa helduagoa izan da, eta baita urriagoa ere.

Arratsaldearen azken orduetarako oraindik jendea zebilen Landakon eta inguruetan. 19:00ak aldera hasi da inaugurazio ekitaldia, eta adierazpen instituzionalez gain Digara ikuskizuna egin dute Txakur Gorria kolektiboko kideek —kartela ere beraiek egin dute aurten—, baina gonbidapena behar zen ekitaldia ikusi ahal izateko eta berandu heldu naizenez, sasi-kazetari, kanpoan geratu naiz eta ezin kontatu zer egin duten. Horrela eman zaio hasiera ofiziala 53. Durangoko Azokari, ikasle eguna ere izan den lehen egun honen amaieran.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)