Albisteak

Parte-hartzearen mozorroak, Maite Toledo Saralegiren iritzi artikulua

Astelehena, 2018-09-10

Izen berriak ekari ditugu irailean "Sinadurak" atalera. Pasa den astean Fito Rodrigezek lehen iritzi artikulua plazaratu zuen, gaurkoan Maite Toledo Saralegiren txanda heldu da, parte hartzeari buruzko gogoeta batekin.

Aspaldion, bogan dago parte-hartzearen berba-jokoa: urliak dio parte-hartzea sustatu behar dela; sandiak, berriz, eragile guztiek hartuko dutela parte; berendiak, festa parte-hartzaileak izango direla. Badirudi guztiok garela proiektu ororen kudeatzaile eta erantzule. Nire iritziko, ordea, arinegi darabilgu parte-hartzearen kontu hau. Gainera, esango nuke kudeaketa-politikak nahiko hertsiak direla.

Baina nola harilkatzen da parte-hartzearen kontu hau galdetuko zenuten honezkero. Bada, ideia edo egitasmo jakin bat diseinatu, garatu eta gauzatu ahal izateko zertaz baliatuko garen garbi adierazita. Halaber, parte-hartze mailari dagokionez, eta hemen legoke kudeaketa bikain baten gakoa, mozorrotu gabe azalduta zein izango diren tokian tokiko parte-hartzaileen funtzioak edota ekarpenak. Ondorioz, parte-hartzeko erak honako hauek izan litezke:

Parte-hartze informatzailea, alegia, parte-hartzaileek proposatutako politikaren berri jasotzen dute, baina ez da euren iritzirik kontuan hartzen. Konbentzitzea du helburu. Parte-hartze kontsultiboa ere hortxe dugu, non parte-hartzaileek politika jakin baten berri jasotzen duten; euren iritzia, baina, kontuan hartu ohi da. Erabakimen partekatua da beste aldaeretako bat. Egoera honetan, interesatuek eta afektatuek, biek, tokian tokiko gaiak aztertu eta eztabaidatzeaz gain, erabakiak hartzen dituzte. Elkarrekin kudeatzea da beste modu bat, non erantzukizuna partekatua izan behar den, eta ez alde bakarrekoa. Eta, azkenik, komunitatearen interesak babesteko prozesua aipatuko nuke. Prozesu honetan garapena eta erabakiak hartzea komunitatearen esku dago, beti ere adituen aholkuei jarraiki.

Horiek horrela, garbi ote dute gure administrazioek, gobernuek eta gainerako eragileek zein parte-hartze mota agintzen diguten eta zein eskaintzen? Nago bata eta bestea ez datozela bat.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)