Albisteak

Gerard De Jong: "Bildt hizkuntzari literatura gaitasuna aitortu nahi diot”

Osteguna, 2017-05-11

Idazle frisiarra da eta Pasai Donibaneko Hugoenea etxean da egunotan. Beste Hitzak-Other Words programari esker iritsi da gure artera. Pasaian dela profitatuz, kafe-tertulia antolatu dute gaurko. Donibaneko Aiton-Amonen Aterpean izango da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Hugoenean idazten ari den lanaz, bildt hizkuntzaz eta bestelako kontuez arituko da solasean.

Gerard de Jong-ek bildt izenekoa du ama-hizkuntza, erabilera oso urrikoa, XVI. mendetik aurrera garatu zena. Kazetaria ogibidez, The Bildtse Post gidatu du azken hamazazpi urteotan, Dirk Gerrits aitonaren erreleboa hartu ondoren.

Euskal Herrian egiten ari den egonaldian, narrazio bat ondu nahi du bere ama hizkuntzan. “Bildt erabilera oso urriko hizkuntza da, XVI. mendetik aurrera garatu zena. Herbeheretako nekazariek eta dikeak eraikitzen ziharduten langileek erabiltzen omen zuten Bildt hizkuntza, eta eurekin eraman zuten frisiar lurreratara abiatu zirenean, itsasoari lurra irabaztea helburu”, Beste Hitzak-Other Words web orrian irakurri dugunez.


“Egunen urdina, ezinegonaren grisa”

Blau fan dagen, griis fan onrust (Egunen urdina, ezinegonaren grisa) izena du De Jong-ek buruan duen narrazioak, eta literatura arloan egingo duen lehen lana izango da hauxe. Bildt hizkuntzaren inguruko kontzientzia hartuko du oinarri, eta hiru belaunaldik hizkuntzaren eta kulturaren arloan ezagutu dituzten aurrerapenak zein mehatxuak deskribatuko ditu, 1980ko hamarkadan abiatuta.

Idazlan honen bitartez, “bildt hizkuntzari literatur gaitasuna aitortu nahi diot, eta gaitasun hori garatzeari ekin”, aitortu du De Jong-ek. “Argi utzi nahi dut ildo berriak urratu daitezkeela, nekazariaren goldeak nola, lur gozo eta emankorraren fruituak jasotzen jarraitzeko. Horixe da nire zeregina, eta bizitzan gidatzen nauen indarra. Donostiako literatura egonaldia aukera paregabea da, berdingabea, amets hori egia bihurtu ahal izateko”.

De Jong honako galdera hau erantzuten saiatuko da, sorkuntza lanean bezala, baita Oare Wurden ataleko blogaren bitartez: "Literaturak nola lagun diezaguke Bildt bezalako hizkuntza txiki txiki bat, 6.000 hiztun besterik ez dituena (eta desagertzeko arriskuan dagoena), indartzen, bizirik mantentzen? Eman diezaiogun oinarri sendo bat, udaberri oparoa bizi dezan, eta etorkizunaren bila indartsu abia dadin".


Demagun

“Demagun ehun urte barru” solasaldia Tabakaleran

Euskal Idazleen Elkarteak sustatzen ditu Hugoenea etxeko egonaldiak. De Jong-ek Pasaian eskainiko duen hitzaldia antolatzeaz gain, beste bi jarduera iragarri ditu gaurko.

Arratsaldeko 18:30ean, Donostiako Tabakalerako Ruiz Balerdi aretoan (eraikinaren 4. solairua), “Demagun ehun urte barru” liburuaren aurkezpena antolatu dute Donostia 2016-k, Kutxak, EIZIE-k eta Euskal Idazleen Elkarteak. Bide batez, literatura eta itzulpengintzaren arteko erlazioaz arituko dira solasean Anjel Lertxundi eta Harkaitz Cano idazleak, Koro Navarro itzultzailea eta Xabier Olarra itzultzailea eta Igela argitaletxeko editorea.

Xabi Payak aurkezpen lanak egingo ditu eta Goizalde Landabaso idazleak, berriz, moderatzaile lanak.


Orona

"Etorkizuna eraikiz” hitzaldia Orona Fundazioan

Ostegun honetan, goizeko 10:00etan, Betina Hagerup arituko da hizlari lanetan Hernaniko Orona Fundazioan. Gai hauek landuko dituzte:

- Sormen industriak sustatzeko estrategia Danimarkan.

- Daniar ikus-entzunezko edukiak ingelesa hegemoniko den esparruan.

- Gipuzkoa Lab.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)