Albisteak

'Errautsak' antzezlana argitaratu du Artezblaik

Igandea, 2012-04-29

'Errautsak' antzezlanaren testua argitaratu berri du Artezblai argitaletxeak. Igor Elortzak eta Unai Iturriagak idatzi zuten testua, Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabuko aktoreek egindako lanetik abiatuta.

Arrakasta handia izan zuen 'Errautsak' antzezlanak. Oholtzan elkartu zituen Ander Lipus, Manex Fuchs, Miren Gaztañaga, Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo eta Ximun Fuchs, azken honen zuzendaritzapean. Haiek haragiturik ezagutu genuen hainbat euskalkitan mintzo zen koadrila, Odei lagunaren hiletaren harira aspaldiko partez elkartuak. Lagunaren heriotza eta oroitzapena ospatuz joango dira azaleratzen haien mamuak, amets basak eta kontraesan gordinak, tarteka ederrak, belaunaldi oso baten sentipenen isla.

'Errautsak' Luhusoko Harri Xuri aretoan aurkeztu zuten estreinako aldiz 2010eko azaroaren 1ean. Azken emanaldia 2011ko azaroaren 26an egin zen Elgetan, tartean Euskal Herri osoko plaza ugaritan eskaini zutelarik. Antzezlana bera ezingo dugu berriro oholtzan ikusi, baina haren zertzeladak gogoratu ditzakegu orain paperean.

Antzezlana estreinatu eta gutxira Igor Elortza eta Unai Iturriagarekin egin genuen Uberaneko lehen elkarrizketetako bat. HEMEN irakurri dezakezue, osorik.

'Errautsak'en sinopsia:

Hodei hil da. Gaztaroko lagunak, urteetan elkarren berririk izan gabe egon ondotik, Hodeiren hiletarako bilduko dira. Saminak eta berriz elkartzearen emozioak eraginda, Hodeiren azken agurra garai bateko festa basati bihurtuko da. Iraganeko eta oraineko egiak, gezurrak eta kontraesanak azaleratuko dituen gau eroa.

Noizbait izatea amestu eta sekula izan ez zirenaren errautsak baino ez dira geratzen, ordea.

Gaia:

XX. mendeko hirurogeita hamargarren hamarkadan jaioak gara. Mundua aldatzear zela sinetsita zeudenengandik sortu ginen. Hautu gaitza, ordea, mundua aldatzea. Musikaz, borrokarako leloz, errepresioz, festaz eta orotariko drogaz inguratu gintuen gaztaroak.

Denboraren errotak egin du gainerakoa. XXI. mendea da, eta XX.eneko ametsen errautsak gara. Oraindik orain, errautsotan noizbait surik izan zela sinestarazi nahi diegu gure buruei. Ba ote?

Unai Iturriaga eta Igor Elortza


Bideoak

Get Adobe Flash player

Get Adobe Flash player

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)