Albisteak

Ekhiņe Egiguren: "Asko idatzi dut Nekatoeneako egonaldian eta pozik nago"

Astelehena, 2012-11-26

Euskal literaturaren sorkuntza bultzatzeko xedez, Euskal Kultur Erakundeak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Euskal Itsasbazterreko IAEZI elkarteak literatura egonaldia antolatu zuten iaz lehen aldiz, Hendaiako Nekatoenean. Deialdiaren bigarren edizioan, Ekhiņe Egiguren idazle gaztearen egitasmoa izan da  epaimahaiak hautatu duena. Eta pozarren itzuli da etxera idazle donostiarra: "aukera paregabea izan da idazten soilik jarduteko hilabete oso batez eta, gainera, Abbadia bezalako leku berezi eta bakarrean", adierazi digu Hitzen Uberan. Albiste hau prestatzen ari ginenean jakin dugu Lasarte Oriako XXVI. Literatura lehiaketan poesia arloko saria jaso berri duela Ekhiņek, "Taupadak" izeneko poesia bildumagatik.

Nekatoeneara iritsi aurretik, asmo jakin batzuk izango zenituen. Denbora izan duzu aurrez pentsatutako dena egiteko?

Poesia egitasmoa aurkeztu nuen deialdirako eta olerki bilduma zen helburu nagusia. Horrekin batera, Abbadia eremua hain leku berezia izanik, Nekatoenean egindako egonaldiaren egunerokoa egitea nuen buruan eta hortik tiraka, blog-a. Hilabetea berehala pasa zait, laburra izan da, baina asko idatzi dut eta pozik nago, motibazioa eta denbora izan baititut lanean aritzeko. Poesia bildumaren oinarria eta haserako lana egin ditut, datozen hilabeteetan lantzen eta zuzentzen jarraitzeko material nahikoa.

Emaitzik jasoko al dugu epe laburrera?

Bapateko emaitza, egonaldian zehar argitaratzen joan naizen egunerokoa izan da; Lorebakanak blog-ean ikusgai dena.

Poesia bildumak denbora gehiago eskatzen du, oraindik ere lantzen eta idazten jarraitu behar dut 2013ko udaberrian Iparraldeko eskoletako haurrekin irakurtzeko. Eta nork daki! Testuak merezi badu argitaletxeren batera ere joko dut liburua argitaratzen saiatzeko. Denborak esango du.

Tamalez, Nekatoenearen moduko ekimenak ez dira ohikoak. Zentzu horretan, sormenaren aterpe hauek oso baliogarriak izango dira idazle batentzat, ezta?

Nire kasuan aukera paregabea izan da idazten soilik jarduteko hilabete oso batez eta, gainera, Abbadia bezalako leku berezi eta bakarrean. Niretzat luxua izan da, nire eguneroko dinamikak ez baitit halako aukerarik ematen. Bestalde, poesia idazteko orduan ere, begirada lantzeko eta hausnarketarako inguru aparta dira itsaslabarra, gaztelua, eskulturak, bunkerrak, animaliak eta Hendaiako paisaia ederra. Ez dira halako eskaintza asko topatzen eta horregatik, benetan estimatzekoa da CPIE, EKE eta EIE-k antolatzen duten egonaldi hau. Esperientzia bikaina izan da niretzat. Datorren deialdira animatzen zaituztet guztiak!

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)