Albisteak

Datorren astean, Literatur amuak Ondarroan

Osteguna, 2020-10-22

Aurten ere, Literatur Amuak jaialdia antolatu dute Ondarroan: urriaren 29tik azaroaren 1era izango da, eta hainbat ekitaldi egingo dituzte, tartean, aurkezpenak, sari-banaketak eta kontzertuak. Irudia: Ondarroako udala.

Urriaren 29tik azaroaren 1era bitarte, Literatur amuak jaialdia antolatu dute Ondarroan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekitaldi guztietarako beharko dira sarrerak edo gonbidapenak, aforoa kontrolatu ahal izateko. Guztiak eskuragarri daude, jada, herriko Turismo Bulegoan. Ekitaldi guztiak segurtasun neurri guztiak betez egingo dira: aforoa kontrolatuta, tenperatura hartuta, eskuak garbituta, maskararekin eta segurtasun tarteak zainduta.

Hona hemen egitaraua:


 

URRIAK 29

Ipuin Rallyaren IX. edizioa 

Urriaren hasieran, herriko ikastetxeetako ikasleek ipuinak idatzi zituzten, eta lehiaketa horri dagokion sari-banaketarekin abiatuko da jaialdia. 19:00etan, Kalare Deuna kofradian (portuan). Gonbidapena beharrezkoa izango da.


 

URRIAK 30

Nanoipuin lehiaketaren IX. edizioa eta Agustin Zubikarai sarien aurkeztepan

Biharamunean, sariketekin jarraituko dute. Batetik, Nanoipuinen lehiaketari dagozkion sariak banatuko dituzte. Ondoren, Agustin Zubikarai sariaren txanda izango da (Elkarrek eta Ondarroako udalak antolatzen dute hori). Lehenik, Idoia Garzesek Mendiko gaitza liburua aurkeztuko du, iazko bekarekin egindakoa; ondoren, Elkarreko editore Xabier Mendigurenek zuzenduta, aurtengo beka-proiektuaren irabazlea aurkeztuko da. 18:00etan Kofradia Zaharrean. Gonbidapena beharrezkoa izango da.

Kontzertua: Izaki Gardenak

Egun berean, gaueko 22:00etan, Izaki Gardenak talde gasteiztarrak kontzertua eskainiko du Beikozini aretoan. Dena oskol diskoaren bira amaierako kontzertuetako bat izango da. Sarrera: 8€


 

URRIAK 31

 Liburuen amuak

Aitaren etxea nobela aurkeztuko du Karmele Jaiok. Lan horri esker, Euskadi Saria eskuratu berri du Jaiok, literatur arloan. Hemen irakurri dezakezue Jaiori eleberriaren harira egin genion elkarrizketa. 10:00etan Kofradia Zaharrean. Gonbidapena beharrezkoa izango da.

Euskal Herrietako istorio gaiztoak

Juan Kruz Igerabide idazleak bi emanaldi eskainiko ditu, 7 urtetik gorako umeentzat. Lehena, 12:30ean; bigarrena, berriz 18:30ean; biak ere Kofradia Zaharrean. Gonbidapena beharrezkoa izango da.

Gorria

Gorria ikuskizuna eskainiko dute Miren Amuriza bertsolariak eta Askoa Etxebarrieta ‘La Pulga’ flamenko dantzariak. “Kolore gorria ardatz hartuta bizitza, heriotza, maitasuna eta beste gai batzuk jorratuko dituzte bakoitzak bere ikuspuntutik”. 20:30etan Bide Onera zinemanSarrera 4€ 


 

AZAROAK 1

 Hil kanpaiak filmaren aurre-estreinaldia

Donostiako Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu ondoren dator Ondarroara aurrestreinaldi hau. Augustin Zubikarai nobela beka saria irabazi zuen Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarrak 2015ean, 33 ezkil lanarekin. Imanol Rayo zine zuzendariak, liburua oinarri hartuta, Hil kanpaiak izeneko filma egin du. Aktore lanetan, besteak beste hauek aritu dira: Itziar Ituño, Yon Gonzalez, Eneko Sagardoy eta Kandido Uranga. Baserri bateko lurretan zenbait hezur agertzen dira eta hortik abiatuko da suspentsez betetako istorioa.

Bi emanaldi izango dira, 17:00etan eta 19:30etan; Bide Onera Zineman. Sarrera 4€.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)