Albisteak

Azokaren uberan: aldizkari literarioak

Asteazkena, 2016-11-30

Batzuk ibilbide luzekoak dira, zutarri sendokoak nolabait esatearren. Baina badira hasiberriak ere. Literaturaz mintzo dira denak. Eta gehienek literatur dosiak dituzte euren baitan. Durangoko Azokaren atarian, aldizkarietan erreparatu dugu eta hauxe duzue emaitza.

Alaine Agirre idazleak zuzendu du Hegats aldizkariaren 54. zenbakia. Aurkezpen egunean aditzera eman genuen bezala, lau autore dira nabarmentzen direnak: Joxe Azurmedi, Eric Dicharry, Miren Gorrotxategi eta Koldo Izagirre. Elkarrizketa bana egin zaie eta Xabier Mendiguren eta Itxaro Borda aritu dira kazetari lanetan.

 

Hegats aldizkaria

Solasaldi sakonetarako tarterik ere bada Euskal Idazleen Elkarteak plazaratzen duen aldizkari honetan. Karmele Jaio eta Jasone Osoro euren literatur ibilbideaz mintzo dira. Garazi Arrulak eta Iñigo Roquek itzulpengintzaz jardun dute. Urolako magmatik ateratako hiru gezi izeneko solasaldia da akaso deigarriena. 1963an jaio ziren Iñigo Aranbarri, Pako Aristi eta Juan Luis Zabala, ingurune berdintsuan hazi ere. Garbiñe Ubeda kazetari eta idazleak mahai baten bueltan batu ditu hirurak. Deigarria diogu, “magma beretik atereak izanagatik ere, bide propio bana urratu dutelako, nork berea”. Artikuluaren hitzaurrean esaten den legez.

Erreportajeak ere badira Hegats honetan. Haurren eta helduen literaturaz, idazteaz eta gaixotasunaz, musikarako letrak idazteaz eta Urruzuno literatur lehiaketaz. Joseba Sarrionandiaren literatur lanetan agertzen diren toki errealen irudi-erreportajea eta hori janzteko testuak, eta Joan Mari Irigoienen bizitzako liburu kuttunei buruzko artikulua dira Hegats osatzera datozen beste bi lan.

hegats

Abenduaren 5ean, Ahotsenean

Zaloa Fuertesek egin ditu Hegatseko argazkiak eta Sardina Grafikaetxeak, berriz, diseinua. Aldizkaria liburu-dendetan eskura daiteke, eta harpide ere egin zaitezkete eie@idazleak.eus helbidera idatzita.

Aurreko astean aurkeztu zuten aldizkaria. Durangoko Azokan egingo da bigarren aurkezpen bat. Abenduaren 5ean astelehena, eguerdiko 13:30ean Ahotseneko solasaldien gunean.

Hegats-i buruzko azalpen gehiago jaso nahi badituzue, Alaine Agirreri egin diogun elkarrizketatxoa duzue ondoko estekan: Hegats aldizkariaz, Alaine Agirrerekin solasean.


Erlea aldizkarian, teatroa hizpide

erlea2016

Euskaltzaindiak Erlea aldizkariaren hamargarren zenbakia aurkeztu berri du. Bernardo Atxagak zuzentzen du argitalpena eta, honakoan, antzerkian erreparatu dute. Patxo Telleria, Ander Lipus, Aizpea Goenaga, Klara Badiola, Anjel Alkain eta beste hainbat antzerkigileren hitzak batu dituzte.

Bernardo Atxagak bizi-bizi topatu du antzerkiaren sektorea: “ale hau osatu bitartean, ikusi dugu oso-oso bizirik dagoen mundua dela teatroarena, jende 'entrenatua' da, bizi-bizia. Harrituta geratu naiz horrekin. Horregatik, mundu hori barru-barrutik ezagutu nahi izan dugu, askotan euskal kulturaren kanpoko begiradak baino ez direlako eskaintzen gurean”.

Argazkia: bizkaie.biz


Lekore aldizkariaren lehen zenbakia

lekore2016

Lekore literatur aldizkariaren 0 zenbakia iaz plazaratu zuten. ITU Banda gaztearen lehen argitalpena izan zen hura. Bigarrena orain gutxi jaso dute inprentatik.

Harpidetza kanpaina

Zenbaki berria iragartzearekin batera, harpidetza kanpaina abiarazi zuten orain gutxi, datozen zenbakiak etxean jasotzeko aukera eskainiz. Urtean hiru zenbaki argitaratzeko asmoa dute. Bideo honetan mintzo dira egitasmoaz, eta harpidetza kanpainaz.

Argazkia: @egaroa


Lardaska, zeresana ematen ari den argitalpena

lardaska2016

Azokaren bezperan, hizpide izan da euskal literaturaren ingurumari batzuetan. Lardaska izeneko aldizkaria, eta aldizkaria sustatzen duen idazle misteriotsua. Barbalot ezizenarekin sinatuta dator-eta. “Espero dut aurrerantzean boz gehiago entzun ahal izango direla aldizkarian. Lehen alea pertsona batek bakarrik ateratzea proiektuak une jakin batean hartzen duen forma bat besterik ez da, abagune bat”, azalpen hau dator aldizkarian. Koldo Izagirre da lehen zenbakiko izen propio bakarra. Berea da hitzaurrea.

Zorrotz eta kritiko

Lehen zenbakiak hamabi atal ditu, eta atal horietan 70 bat testu jaso dira. Liburutzat dute batzuk, aldizkari gisa ere izendatua izan da. Ez dugu alerik eskuartean, baina azaroaren 27ko Berria-k ondoko ahapaldia zekarren: “gure gudarien odolak, gure poeten izerdi eta sufrikarioek... ez dute piperrik ere balio izan. Urtean sei zifra poltsikoratzen dituzten alkate deskribaezinki filantropikoen benedikapen osoz, karrikak pijoz eta giri muskulatuz brokatu zaizkigu”.

Argazkia: berria.eus


Ataramiñe, “kolpetik bezainbat laztanetik duen artefaktua”

atara

“Esku artean duzu, porlanezko paretak, nolabait, birrin ditzakeen bitartekoa. Kolpetik bezainbat laztanetik ere baduen artefaktua”. Esaldi hau Ataramiñe’16 aldizkariaren hitzaurretik hartu dugu.

Olerkiak, bertsoak, marrazkiak, gogoetak… Traza ezberdineko sormen lanak aurkituko dituzue Azokaren atarian plazaratu duten zenbaki honetan.

"Sorkuntza minak" idatzian, Mikel Antzak azken boladan irakurgai izan dituen lanak hartu ditu hizpide. Martxoaren 5ean, Jon Maiak Belodromoko ekitaldi batean eskaini zuen “Kantu bat gara”, besteak beste.

Marrazki eta bertso idatzien artean, Barrutik aldizkariari buruzko monografikoa, Ekhiñe Eizagirre Zubiarreren olerkiak eta Aletxu Zobaran Arriolaren poemak&marrazkiak topatuko dituzue Ateramiñe’16 aldizkarian.


 

Maiatz aldizkaria

maiatz2016

Egunotan Durangoko Azokara hurbiltzen bazarete, Maiatz argitaletxearen postuan topatuko duzue izen bereko aldizkariaren 63.  zenbakia. Literaturaren arlo ezberdinak lantzeko joera dute: saioa, itzulpena, antzerkia, poesia, ele-laburra, kronikak, liburu aurkezpenak... eta literaturaren aktualitatea. Baiona-Iruñea topaketan erreparatu dute Maiatz aldizkariaren zenbaki berrian.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)