Albisteak

Atx Teatroaren "Fakiu" antzezlana Senperen eta Izturitzen ikusteko aukera

Osteguna, 2017-02-16

Fredi Paiak idatzi eta Iñaki Ziarrustak zuzendutako Fakiu antzezlana eskainiko du Atx Teatroak bihar (otsailak 17) Senperen eta etzi (otsailak 18) Izturitzen. (Argazkiak: Ainhoa Resano, Atx Teatroa).

Fredi Paiak idatzi eta Iñaki Ziarrustak zuzendutako Fakiu antzezlana eskainiko du asteburu honetan hitzordu hauetan:

-Bihar (otsailak 17) Senpereko Larreko aretoan, 20:30ean.

-Etzi (otsailak 18) Izturitzeko Herriko gelan, 21:00etan.

Hiru aktore egongo dira oholtza gainean: Belen Cruz, Sandra Fdez Agirre eta Gabriel Ocina. Obrak biolentzaren barrunbeak ditu aztergai, eta erronka ausarta luzatzen dio amaieran publikoari: publikoak berak bozkatu behar du zein izango den, planteatuko diren aukera posibleen artetik, ikusiko duen amaiera. Honela azaldu dute Atx Teatrokoek haien proposamena:

"Testu honek sorpresa berezia dakar ikusleentzat.Haiek izango dira obraren amaiera erabakiko dutenak. Ikuskizunak bi amaiera edukiko ditu beti prest, baina azken momentuan publikoak erabakiko du nola amaitu. Alde batetik publikoaren parte hartze erabakiorra ekarriko du honek, eta beste alde batetik, baliteke amaiera honek amuak egiten duen bezala funtzionatzea eta publikoa beste behin etortzeko gogoarekin geratzea."

Obraren sinopsia

"Gosea, txizalarria, maitasuna, gorrotoa, egarria, sexua, bildurra.....eta zelan ez.... biolentzia.

Besteak beste, gure instintoetako batzuk dira honeek. Eurei esker bizirauten dogu Historiaurretik gaur egun arte. Oinarrizko erremintak izan dira, badira eta izango dira bizitzan aurrera egiteko, animalia guztiakaz partekatzen doguzan tresnak. Ezin izango geunke bizi euretariko bat kentzen badeuskue, ez ginateke bete-beteak izango.

Baina EZZZZ!!! Biolentzia ez!!! Gizakiok ezin dogu biolentzia erabili!!! Eta egia da, arrazoi bako biolentzia ezin da erabili,.......baina arrazoia balego, ...egon leike biolentzia erabilteko arrazoirik?... eta beste biderik ez dagoanean?....zer egin geinke bizirauteko?

Galderak dira, besterik ez.....erantzunak publikoaren esku dagoz."

fakiu 5

Obraren dramaturgiari buruz

Gure teatroan ez dugu katarsirik nahi. Beraz hasi hasieratik hiru aktore ikusiko ditugu, antzezlana aurrera doan neurrian, pertsonaia ugari gorpuztuko dituztenak. Adierazkortasuna beti gure zutabetako bat da eta zentzu honetan aktoreen lan fisikoa, aurreko lanetan bezala (marrazki bizidunetako dinamika), kontuan hartzekoa izango da, horixe delako gure iritsiz, garunetik haratago ailegatzeko bidea. Publikoaren hautua izango da pertsonaien errealitatea sinistea edo ez, guk distantzia mantenduko dugu une oro.....ekintza basatia, gerrillako antzerkia, pertsonaia sobredimentsionatuak, gure hesteak (ez gure intelektoa) elikatzeko behar den guztia...

Hurrengo emanaldiak

Egun bi obra ditu martxan Atx teatroak:

BIHOTZ SALATARIA formatu txikiko lana, zeinean Iñaki Ziarrusta konpainiako sortzailea dugun aktore bakar. Edgar Allan Poeren narrazio bat da bakarrizketa honen oinarria, Ziarrustak berak euskarara ekarria. Asteburu honetan bertan (igandea, otsailak 19) Zarauzko Putzuzulo gaztetxean ikusi ahal izango da, datorren astean (otsailak 29) Oiartzungo Udal Pleno Aretoan.

FAKIU albiste honetan mintzagai dugun lana, asteburu honetako emanaldiez gain herri hauetan iksui ahal izango da: apirilean Barakaldon eta Donostian, maiatzdean  Bidart eta Erandion.

HEMEN ikus dezakezue bi emanaldien egutegia osorik.

Entzun jarraian Arantxa Iturbek Arratsean saioan egindako elkarrizketa:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)