Albisteak

Agur, Miss Karaoke!

Asteazkena, 2019-05-29

Ostiralean emango dute azken aldiz Miss Karaoke antzezlana, hura estreinatu eta bi urtera. Gasteizen abiatu zen proiektua, eta Gasteizen amaituko da: hilaren 31n, 20:30etan, Jesus Ibańez de Matauko antzokian (Hegoalde).

Bi urteko ibilbidea egin ostean, Miss Karaoke antzezlanak agur esango dio oholtzari. Elkarlanean osaturiko lan bat izan da Miss Karaoke, Pez Limbok eta Metrokoadroka sormen taldeek batera egindakoa.

Zer abestuko du Miss Karaokek?

Identitatearen zirrikituei erreparatzen die antzezlanak. Hala dio sinopsiak:

Miss Karaoke-k abesti bat kantatzeko enkargua jaso du, eta urduritzen hasia da. Zer kantatuko du Ebento Handian, Antolatzaile Handiaren enkarguz, Jende Guztiaren aurrean? Are gehiago, zein hizkuntza aukeratuko du? Gutxiengo gutxitu, gehiengo gutxitu, gutxiengo gehiengotu edo gehiengo gehiengotuagotuentzat kantatuko du?

“Zerk definitzen zaitu?”, “Identitatea aukeratu egiten da, edo identitateak aukeratzen zaitu zu?”. Era horretako galderei erantzuna bilatuko die Miss Karaokek, bere barne ahotsekin talkan.

Oier Guillanen testu batetik abiatuta, lau aktorek eman diote gorputza Miss Karaokeri: Javier Fernandezek, Unai Lopez de Armentiak, Marina Suarez Ortiz de Zaratek eta Ińaki Ziarrustak. Dramaturgia Metrokoadroka sormen taldeak eta aktoreen taldeak osatu dute, eta zuzendaritza artistikoa, berriz, Javiern Barandiaranek, Oier Guillanek eta Metrokoadroka taldeak eraman dute. Jantziak, berriz, Idoia Beratarbidek eta Maria de Bernardok egin dituzte.

Esperientzia humano, kreatibo eta eszeniko itzel bat

Agurraren harira, lan-taldeak agiri bat kaleratu du. Adierazi dutenaren arabera, proiektu hau “esperientzia humano, kreatibo eta eszeniko itzela” izan da, eta ase eskainiko omen dute azken emanaldia, “euskarazko dramaturgia berriak arakatzeko” erronka bete dutelakoan.

Taldeko kideek ez zuten aurrez batera lanik egin, ondorioz, esperimentazioa izan da beren bidean iparrorratz. Hala, “Metrokoadroka kolektiboan urte luzez probatutako teknikak eta formulak izendatzeari eta formulatzeari ekin” zioten, eta, horri esker, “etapa eszeniko berri bat hasi zen”. Bide horretan, proiektu gehiago abiatu dituzte, hala nola “Tartean diren gorputzak” izeneko ikastaroa. Nahi duenak, ikastaro hori egiteko aukera izango du uztailaren amaiera Gasteizko Baratza aretoan.

Oholtzara igo gabe Miss Karaokeri agur esan nahi dionak, ostiralean dauka aukera, Gasteizko Hegoalde zentro zibikoko antzokian, 20:30etatik aurrera.

Irudiak

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)