Albisteak

Bernardo Atxaga eta Anari, Literaktum jardunaldietako lehen gonbidatuak

Maiatzaren 8an hasi eta 17ra arte iraungo du Literaktum zikloakOsteguna, 2014-05-08

Bernardo Atxaga eta Anari elkarrekin, Nagore Legarretaren argazki proiekzioa musikaz eta poesiaz lagunduta, Imanol Epelderen Etxepare Rap-a, Jose Inazio Ansorenarekin ibilbide literarioa Donostian zehar, Dolores Redondoren hitzaldia, Petros Márkaris eta nobela beltzaren inguruko solasaldia, Ana Malagonen mikroipuinak Urumea bazterrean... Hango eta hemengo idazleak batu dituzte beste behin ere baina, aurtengoan, inoizko partehartze handiena izango dute euskal sortzaileek. Idazlea eta irakurlea gerturatu asmoz, kafe topaketak antolatu dituzte lehen aldiz. Argazkian dira sustatzaileak, Jasone Osoro (EIE), Iñaki Gabarain (Donostia Kultura), Nerea Txapartegi (Donostiako Udala) eta Garazi Lopez de Etxezarreta (Foru Aldundia, Koldo Mitxelena).

Maiatzaren 8an hasi eta 17ra arte luzatuko da Literaktum 2014. Donostia Kulturak antolatu ohi du ziklo hau baina aurten laguntzaile askoren babesa izango dute. Egitaraua osatzeko garaian, Euskal Idazleen Elkartea, Musika Parkean eta Koldo Mitxelena Kulturunearekin batera aritu dira elkarlanean.


Sarean egitea helburu

“Hausnarketarako eta eztabaidarako espazioa da Literaktum”. Irakurlearen pentsaera kritikoa sustatzen duela dio Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura arduradunak. Horretaz gain, “diziplina ezberdinei ateak irekitzen dizkio eta askotariko eskenatokietan gauzatzen da”. Badu beste bereizgarririk literaturaren inguruko topaleku honek. “Donostia Kulturak antolatu arren, sarean egitea du helburu; beste hainbat talde, erakunde eta eragileekin elkarlean”. Donostiako Udaleko ordezkariaren hitzetan, “horiek dira ekimen honen ikur nagusiak”.


"Gazteak literaturara erakartzeko balio dezala"

"Teknologia berriek aurkezten duten presa, bapatekotasuna eta abarren aurrean, literaturak lasaiatasuna eta jarrera aktiboa eskatzen du eta horiek guztiak gure gazteei transmititzen jakin behar dugu. Zentzu horretan, Literaktum-ek ere balio dezala gazteak modu erakargarri batean literaturara gerturatzeko". Desio hori du Garazi Lopez Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailaren arduradunak.


Liburua, "etxetik kalera"

 “Liburua etxetik kalera ateratzeko aukera eskaintzen du jaialdi honek”, halaxe uste du Jasone Osorok, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak. “Azoketatik aparte, literatura zentzumen ezberdinekin dastatzeko aukera eskaintzen duelako, belarriekin adibidez”. Izan ere, edizio honetan Anari, Mursego edota G. Bassmatti kantariek hartuko dute parte.


Kafea eta literatura

Donostia Kulturako bazkide direnek abantaila ederra izango dute aurten. Bernardo Atxaga, Dolores Redondo, Clara Sanchez eta Petros Márkaris idazleekin kafe bat hartzeko aukera izango dute. Donostia Kulturaren web orrian izena eman beharko dute lehenbizi. Onuradunak, ordubeteko solasaldiaz gozatzeko moduan izango dira.


Literaktum 2014, egitaraua

Maiatzak 8 osteguna

DESERTUKO BIZTANLEEI BURUZ

Bernardo Atxaga & Anari

Ernest Lluch KE.

19:30


Maiatzak 9 ostirala

IBILBIDE LITERARIOA HIRIAN ZEHAR: PEPE ARTOLA PAXIENTXIEN BANATZAILEA

Gidatzailea: Jose Inazio Ansorena

Usandizaga plaza

18:00


Maiatzak 9 ostirala

INVENCIÓN DE LA PIEL liburuaren inguruko irakurketa

Poesia + Musika + Perfomance

Jon Obeso & Mursego & Idoia Zabaleta & Ekain Pérez

Koldo Mitxelena Kulturunea

19:30


 

Maiatzak 10 larunbata

TIK TAK, Ipuin musikala:

Araoz Gaztetxo Abesbatza

Aiete KE.

17:30 (publiko familiarra)


Maiatzak 10 larunbata

EDIPOTOA, Argazkien proiekzioa + poesia errezitaldia + musika

Nagore Legarreta & Gorka Setién & Haizea Arregi & Mariano Hurtado

Lugaritz KE.

20:00

+ Erakusketa (maiatza 5-23)

 


 

Maiatzak 12 astelehena

CLARA SÁNCHEZ

Aurkezlea: Teresa Calo

Okendo KE.

19:30


 

Maiatzak 13 asteartea

ETXEPARE RAP

Imanol Epelde

Liburutegi Nagusia, San Jeronimo

19:30


 

Maiatzak 14 asteazkena

DOLORES REDONDO

Aurkezlea: Enrique Martín

Tomasene KE.

19:30


 

Maiatzak 15 osteguna

PETROS MÁRKARIS

Márkaris, Europaren disekzioa nobela beltzetik abiatuta

Aurkezlea: Teresa Flaño

San Telmo Museoa

19:30

*Gonbidapenak banatuko dira San Telmo Museoan aste bete lehenago


Maiatzak 17 larunbata

MIKRO IPUINAK URUMEA BAZTERREAN + MUSIKA PARKEAN

Ana Malagon & Xerezade & G. Basmatti

The Icer Company & Tristan Crowley

Benartegi baserria (Loiola - Martutene)

14:00 + 18:00

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)