Albisteak

Abian da Igartza beka

Asteazkena, 2020-03-18

Berrogeialdiak ez du dena gerarazi, eta Igartza bekaren edizio berria martxan dela jakinarazi du Elkar argitaletxeak. CAF enpresarekin eta Beasaingo Udalarekin batera antolatzen du lehiaketa, “euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz". Lanak ekainaren 30era arte aurkez daitezke. Albiste honetan bildu ditugu xehetasunak.  Irudia: Beasaingo Igartza jauregia.

Abian da Igartza saria, “euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz" Elkar argitaletxeak, CAF enpresak eta Beasaingo Udalak antolatzen duten lehiaketa. Jarraian dituzue aurtengo deialdiaren oinarriak.


 

Bekaren diru kopurua

Bekaren diru kopurua 6.000,00 eurokoa da.

Ordainketa

 Ordainketa modu honetan egingo da:

.- 3.000 €, irabazle izendatu bezain laster.

.- 3.000 €, idazlana amaitu eta entregatutakoan eta epaimahaikoek onespena emandakoan, aldez aurretik zerga eta gizarte segurantza betebeharretan eguneratuta egotearen agiriak aurkeztuta.

Aurkezteko epea eta lekua

 2020ko ekainaren 30a izango da proiektuak aurkezteko azken eguna.

Modu ofizialean entregatu beharko dira, hau da:

.- Udaletxeko sarreran erregistro ofizialean aurkeztuta, horretarako eskaria bete( I. Eranskina)

.- On-line bidez, hau da, udaletxeko erregistro elektronikoa erabiliz: www.beasain.eus 

Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak

Beka eskaerarekin batera ondorengo agiriak aurkeztu behar dira:

A) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, liburuaren edukia (75 bat orrialde gutxienez), estiloa, etab.

B) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

C) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia.

Deialdian parte hartzeko baldintzak

1- 35 urte bete gabe izatea.

2- Aurretik lan argitaraturik izatekotan, helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea.

3- Aurreko edizioetako Igartza Beka sariaren titularra ez izatea.

4- Narratibako lanak izatea: eleberria edo ipuin-bildumak.

5- Lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izango dira.

6- Ez da onartuko lehiaketaren batean saritutako eta argitaratutako idazlanik ez osotasunean ez zati batean, eta ezta moldatutako idazlanik ere.

Epaimahaiaren osaketa eta eginbeharrak

Osaketa: Epaimahaia ondorengoek osatuko dute: Ana Jaka, Irati Jimenez eta Garazi Kamio idazleek

Egin beharreko lanak: jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien artean irabazlea zein den izendatu 2020ko irailaren 15a baino lehen.

Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

Proiektua saritzeko ekitaldia

Epaimahaiak irabazlea izendatu eta Beasaingo Udalari jakinarazi ondoren, Beasaingo Udalak Igartza Literatur beka emateko ekitaldia antolatuko du eta irabazleari gehienez ere urtebeteko epea emango dio idazlana amaituta entregatzeko. Entregatutako idazlanak epaimahaikoen oniritzia jaso beharko du. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.

Beka itzultzea

Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

Oinarriak, osorik, hemen.

 


 

Hegazkinekoak eta bizikidetzarenak

2018ko Igartza bekaren emaitza da orain gutxi Erika Elizarik aurkeztutako Zendabalitzeleberria. Iazko edizioa, berriz, Irati Goikoetxeak irabazi zuen, Herriak ez du barkatuko proiektuari esker. Hemen irakur dezakezue beka irabazi berritan Goikoetxeari egin genion elkarrizketa.

*

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)