Erreportajeak

Bi adiskideren ibilerak, mende erdi baten historia

Ostirala, 2016-12-09

Elena Ferranteren tetralogia ezaguneko bigarren eta hirugarren liburuak argitaratu ditu Igela argitaletxeak: Abizen berriaren historia (Fernando Rey itzultzaile) eta Ihesi doana eta gelditzen dena (Miren Iriarte itzultzaile). Iaz argitaratu zuten lehenengoa, Adiskide paregabea, eta aurki kaleratuko dute azkena ere: Ume galduaren historia. Mundu-mailako literatur fenomenoa bilakatu da Ferrante, eta euskal irakurleak ere horri lotzea espero dute argitaletxeko kideek.

Elena Ferranteren tetralogia ezaguneko bigarren eta hirugarren liburuak argitaratu ditu Igela argitaletxeak: Abizen berriaren historia (Fernando Rey itzultzaile) eta Ihesi doana eta gelditzen dena (Miren Iriarte itzultzaile). Iaz argitaratu zuten lehenengoa, Adiskide paregabea (Fernando Rey itzultzaile), eta aurki kaleratuko dute azkena ere: Ume galduaren historia. Mundu-mailako literatur fenomenoa bilakatu da Ferrante, eta euskal irakurleak ere horri lotzea espero dute argitaletxeko kideek.

Lau eleberri, istorio bakarra

Txikitatik ezagutzen dute elkar Rafaella Cerullok eta Elena Grecok. Napolitarrak dira biak, eta langile-auzo batean bizi dira. Zapatariak dira Cerullotarrak, aterazaina Greco aita. Bi protagonisten inguruan, beste hainbat familia dabiltza: solaratarrak, pelusotarrak, sarratoretarrak… Orotara, 20 familia ingururi buruzkoak biltzen dira liburuotan. Lau eleberriok, liburu handi bakar bat osatzen dute, eta bi adiskideen bizitzak kontatzen, 50-60 urteko tartea, gutxi gorabehera.

Lila eta Lenů eskola garaian daudela topatzen ditu estreina irakurleak, hala ere, badaki ordurako zerbait: besteak beste, Lenů helduak kontatuko diola bi adiskideen istorioa, Lila bat-batean desagertu baita, eta haren semea laguntza-eske etorri baitzaio Lenůri. Ez da harritu, Lilak aspaldi esana baitzuen noizbait ere desagertuko zela, inork inoiz inola aurkitzeko moduan, gainera.

Lenůren adiskide paregabea da Lila (egiatan, Lenůk baino ez dio hala deitzen, gainerako pertsonaiek Lina esaten diote). Lilak eta Lenůk badute halako indar bat, erakarri egiten dute. Batetik, Lila, karisma handiko haurra da, egoera gaitzenetan ere, ez da sekula kikiltzen. Oso azkarra da, gainera. Pertsonaiek sarritan aipatzen dute Lilaren indar berezia. Adibidez, hirugarren liburuan, hauxe dio Lilaz pertsonaietako batek:

- Gogoan duzu esaten nizunean Linak beldurra ematen zidala?

- Bai.

- Ez zen beldurra; geroago ulertu nuen.

- Zer zen?

-Harridura eta atxikimendua, aldi berean urruntasuna eta hurbiltasuna.

- Zer esan nahi duzu?

- Ez da erraza azaltzen; zu eta ni adiskide egin ginen berehala, zu maite zaitut. Linarekin hori ezinezkoa egin zait beti. Halako zera beldurgarri bat dauka, gogoa ematen duena haren aurrean belauniko jarri eta norberaren pentsamendu sekretuenak aitortzeko.

Lenůk, ordea, koldarragoa irudi dezake, baina gai da sentikortasun eta enpatia handiz xehe-xehe azaltzeko bere hausnarketak, beldurrak eta sentipenak.

Lehenengo liburuan, haurrak haur izaten ikusten ditugu: eskolan ikasten, ikaskideekin borrokan (solaratarrekin, batez ere), auzoko mamuekin beldurtuta, nobelak idatzi eta alde egiteko plana egiten. Talentua dute bi umeek, hala ere, Lenůk baino ez du aukerarik ikasketekin aurrera jarraitzeko, eta, horrela, auzotik kanpo ateratzeko moduko biderik egiteko. Lila, bestetik, ezkondu egiten da, gazterik, 16 urterekin. Hortxe bereizten dira beren bideak, nahiz eta maiz lotuko diren berriro.

Abizen berriaren historian, bien gaztaroa azaltzen da; Ihesi doana eta gelditzen denan, berriz, bitarteko tartea (helduarorantz); eta, azkenik, Ume galduaren historian, helduaroa eta zahartzaroa.

Napoli, protagonista

Kokalekuak berak sekulako garrantzia du Ferrante eleberri hauetan. Idazleak berak azpimarratu zuen hiriaren garrantzia, La frantumaglia izeneko liburuan. Haur zela baino ez zen han bizi izan, hala ere, arrasto ezabaezina utzi zion. Igela argitaletxeko blogean ipini dituzte harreman min horri buruz Ferrantek esandako zenbait:

Napolirekin, hala ere, kontuak ez ditut inoiz garbitu, ezta distantziatik ere. Beste leku batzuetan bizi izan naiz, eta ez denbora gutxi, baina hiri hori ez da edozein leku, gorputzaren luzapen bat da, pertzeptzioaren matrize bat, esperientzia guztien konparazio-terminoa.

Enfasi hori, dena dela, berria da, eta aspaldidanik egindako bisiten fruitu. Hazi nintzen hiria etengabe arriskuan sentitzen nintzen leku gisa bizi izan dut.

Nire Napoli, labur esateko, Napoli “arrunta” da, bizibidea lortu duen jendez osatua, baina aldi berean lantxo prekarioekin jornala bilatzen berriro hasi beharraz izutua, ponpoxoki zintzoa, baina, egintzetan, itxura txarra ez emateagatik prest dena ziztrinkeria kaxkarretara, zalapartatsua, ahoberoa, zakarra, baina adar-banaketa batzuetan, estalinista, dialektorik “gozakaitzenean” itoa, bridagabea eta sentsuala, burges-txikiaren dekororik gabea baina axaleko ezaugarria izateko bulkada duena, ongi-hezia baina potentzialki kriminala, besteak baino nekatuago ez agertzeagatik bere burua sakrifikatzeko pronto dena behar izanez gero.

Napoli horretatik desberdina sentitu naiz, nazkaz bizi izan dut, ahal izan bezain laster ihes egin nion, sintesi gisa eraman izan dut barrenean, suzedaneo baten gisako zerbait bailitzan.

napoli_201203-1233_ret

Irudia: Bobo Olsson

Arrakastaren gakoak

Bi adiskideen bizipenak ditu ardatz nobelak, eta, noski, horiek kontatzeko bidean, aldi berean Italian eta munduan gertatzen ari direnak ere azaltzen dizkigu narratzaileak, noiz xehetasun handiz, noiz zeharka. Haur direnean ere, eztabaida politikoak zehatz-mehatz agertu ez arren, baldintza sozialen eta iraganeko arrastoen berri badu irakurleak: auzoko familia aberatsem diru-iturri zalantzagarriez dihardute, eta klase langilearen eta altuaren arteko aldea etengabe aipatzen. Hurrengo liburuetan are presentago daude kontu hauek eta Italiako (eta nazioarteko) giro politiko nahasia.

Emakumeen eta gizonen arteko harremanek eta bakoitzak gizartean duen paperak ere badu garrantziarik liburuotan. Are gehiago, Igela argitaletxekoen arabera, akaso horixe izan daiteke tetralogiaren arrakastaren gakoetako bat:

Adiskide paregabean ageri diren gizonezkoak patriarkatuak hogeigarren mende bukaeran jasan duen ahultzea eta emakumearen askapenerako urratsek ekarritako ondorioak pairatzen ari dira, eta horri buruzko emakume batzuen ikuspegia ere ematen du. Hor egon daiteke gakoetako bat nobela honen arrakasta ulertzeko.

Igelaren ekinari esker, tetralogiako lau liburuak izango ditugu euskaraz, luzaroan zain egon gabe. Alegia, lehenengoarekin engantxatzen denak, berehala izango du jarraitzeko aukera. Aprobetxatu.

 

 

 

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)