Erreportajeak

Antzerki estreinaldien uberan

Ostirala, 2014-10-24

“Testu dramatikoa aztertzeak antzerkiaren gertakaria azaletik baino ez du ukitzen” aipatu digu Jaime Valverde ikerlari eta antzerki kritikariak Uberanen egin berri diogun elkarrizketan. Hari horretatik tiraka, azkenaldiko teatro-estreinaldiei begirada luzatu diegu erreportaje honetan. (Argazkian: Atx teatroa).

“Kontuan izan behar dugu testu dramatikoa aztertzeak antzerkiaren gertakaria azaletik baino ez duela ukitzen. Antzerkiaren muina taularatzea da. Ideia hori beste kultur sistema batzuetan aspaldi ulertu da. Antzerkia genero autonomotzat hartzen duen diziplina, antzerki ikasketak, aspaldiko kontua da eremu anglosaxoian, esaterako. Baina gurean horretaz entzun ere ez dugu. Hori dela eta euskal teatroa umezurtz dago, eta are gehiago irizpide tradizionalak iraultzen dituen egungo sorkuntza”. (Jaime Valverde)

Euskarazko arte eszenikoen paisaia gero eta anitzagoa da, baina gutxitan eskaintzen zaio azterketa-ikuspegi gaurkoturik, gutxitan erreparatzen zaio unean uneko paisaiaren osotasunari. Testuaren testuinguruan, teatroak eta oro har arte eszenikoek literaturarekin duten harremana gatazkatsua izan da azken ehun urtean. Oraindik ere sumatzen da bi joeren arteko “tentsioa”; Euskal Herrian behintzat, topa daitezke testuari garrantzirik eman ez edo funtzio guztiz akzesorioa ematen dioten lanak, topa daitezke zentzu hertsi batean autore batek aurretiaz idatzitako testuari atxikitzen zaizkion lanak, eta topa daitezke tarteko dialektika batean testuari poetika bat bilatzen diotenak beste dramaturgien parte izanik eta obraren zein talde-lanaren zerbitzura.

Euskal eszenaren erronkak teatro burgesa dagoen edozein herrialdetan dauden berdinak dira. Erran nahi baita, hiperteknologizatze garai honetan ez da erraza jende multzo bat fisikoki leku berean ordu berean biltzea, sormen lan baten proposamenak akuilaturik. Teatroa (eta ez gara "espektakulu masiboei” buruz ari) kasu gehienetan gutxiengo baten gauza bada ere, segur aski jarraitzen du betetzen jendarte orok duen behar erritual bat. Nolanahi ere, euskarazko teatroak inguruko erdarek ez duten “estigma komertziala”rekin kargatu behar izaten du oraindik, aurreiritzien zama.

Euskal arte eszenikoen paisaiak, unean uneko estreinaldiei osotasunean begiratuta, aurreiritziek diotena baino eskaintza anitzagoa eta askotarikoagoa islatzen du agian. Ariketa hori egin dugu erreportaje honetan estreinatu berri diren, estreinatzear diren, aurrerago estreinatuko diren teatro lanak nolabait zerrendatuz eta testuaren tratamenduaren arabera arakatuz (badira gehiago ere, seguru, aurrerantzean eskertuko dugu haiei buruzko informazioa jasotzea ere).

Itzulpenen bidetik

Itzulpenen bidea da testuak euskal eszenara ekartzeko bide klasiko bat. Azken hogeita bost urteetan beste herrialde batzuetan arrakastatsuak izan diren lanen testuak itzuli eta ekarri izan dira gehien bat. Joera hori teatro komertzialean mantentzen den arren gainbeheran dagoela esan liteke, lan kopuruei, haien oihartzunari, kulturgintzan duten eraginari dagokionez bederen. Era horretako lanei erdarazko bertsioarekiko menpekotasuna egotzi izan zaio beti; alegia, horrelako lanek gehienetan erdarazko eta euskarazko bertsioekin irten dira plazara, sormen prozesua erdaraz egin dutelarik, emaitzaren kalitatean pisu nabarmena du horrek euskararen kalterako.

Baina bada itzulpen ausartik ere. Euskaraz estreinatzeko itzuli du Iñaki Ziarrustak Luis Riazaren Arren ganbara eta emeen sotoa testua. Ziarrusta aktore ikusi izan dugu garai bateko Gaitzerdi taldean eta berriki Publikoari gorroto eta Hamlet lanetan ere. 2010ean Atx Teatroa talde berria sortu zuen, izen horrekin egindako hirugarren lana da Arren ganbara eta emeen sotoa. Berriki estreinatu dute Bilboko Errekalden, hurrengo emanaldia Zarauzko Modelo aretoan egingo dute azaroaren 9an. Aktore dabiltza Florentino Badiola, Eñaut Gantxegi, Marina Aparicio eta Eneko Sagardoy.

Atx Teatroaren apustuaren ildoa ez ohikoa da: itzultzeko aukeratu duten egilea segur aski ez da komertzialki “erosoa”, bere obrak zirkuitu independentetan taularatu dira, salbuespenak salbuespen; genero gatazkak gure gizartean islatzen dituen botere harremanak ditu hizpide; testuak berez duen barrokismoa aktore lan fisikoaren kemenez gerturatu nahi dio publikoari.

atxAtx teatroa.

Iñaki Ziarrustak berak itzuli zuen, bestetik, Josep Maria Miro i Colominaren Arkimedesen printzipioa antzezlana. 2011an Born saria juaso zuen testu honek, Artzezblaik argitaratu zuen. Carlos Panerak gidatzen duen Maskarada taldeak taularatuko du, urriaren 29an izango da estreinaldia Arriaga antzokian, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan ikusi ahal izango da. Lan honek Eneko Sagardoy izango du aktoreen artean, besteak beste, Atx teatroaren lan berrian eta lerro batzuk beherago topatuko duzuen Lauka taldearen lan berrian ere topatuko duzuen aktore gaztea.

Bestelakoa da Galder Perezek zuzendutako Fausto. Kasu honetan testua Mikel Losada, Lander Otaola aktoreek eta Galder Perez zuzendariak atondu dute testua, Christopher Marloweren bertsioa abiapuntu, Pabiloi 6 guneak ekoizturik. Galder Perezek berak sarritan idatzi izan ditu euskarazko testuak, besteak beste, Gilkitxaro taldearentzat. Faustorena berrestreinaldia izango da berez: uda aurreko denboraldian Pabiloi 6an antzeztu zen hainbat astez arrakasta handiz, gazteleraz. Orain berriz Fredi Paiak egin du euskarazko egokitzapena, eta Korrika Kulturalarekin batera ezagutuko dugu hainbat herritan. Kasu honetan, testuaren erabilera klasiko batetik harago, zuzeneko hip hop doinuekin eta estetika bortitz batekin jantzi dute obraren erritmo bizia.

Testua bai

Euskal Herrian tradizio eta ibilbide eszeniko aberatsa badugu ere, hegoaldean antzokien zirkuituan biziraun beharrak (edo nahiak) ito egin du tradizioen eragina. Ipar Euskal Herrian mantendu egiten da hari hori, tentsioan bada ere, Antton Lukuk Libertitzeaz lanean azaldu duen moduan, oraindik ere bizirik. Dinamika horren adierazle da, kasu, aurten hiru pastoral aurkeztu izana.

Ander Lipus da Hego Euskal Herriko errealitatea iparraldeko eragileekin elkarlanean muga lausotzen saiatzen den sortzaile nabarmenenetako bat. Bihar bertan Uztaritzen estreinatuko duen obra horren lekuko: Telesforo Monzonen Hazparneko Anderea, Iduzkilore antzerki taldearekin batera. Lipusek lan honen harira eginiko gogoeta eta analisiak jaso berri ditu Berrian idatzitako Senpere, Senpere artikuluan, zoritxarrez, euskal teatroak iparraldean jasaten duten bazterketa instituzionala hizpide:

Beharrezkoa zait gertatzen direnak kontatzea eta salatzea. Herri baten kulturari horrelako mespretxua egiteak erresistentzian eta lubakietatik tiraka ibiltzera behartzen gaitu. Datorren larunbatean, Uztaritzen emango dugu lehena, urriaren 25ean. Eta segidan Euskal Herriko beste hainbat herritan. Gure euskal teatroaren klasikoak berrasmatzeko intentzio eta kemenarekin. Tamalez, ez da Senperen emana izango.

hazparneko anderea

Ez da Lipusek bide hori hartu eta lan bat taularatzen duen lehen aldia, klasiko bat hartu eta talde “amateur” batekin landuz: aurretik ezagutu diogu Lartzabalen Ibañeta ere, kasu. Autore testu bat hartu eta estetika garaikideetara eraman daitekeen seinale, lan baten izaera amateurrarekiko aurreiritzietatik harago (beste baterako utziko ditugu hitz horren muga lausoak).

Lipus aipatu dugu, eta testugintzaz ari garelarik, Jaime Valverderen elkarrizketa berriz ere gogora ekarrita aski adierazgarria da aipu hau ere lerro hauetara ekartzeko: “Antzerkian autorea eta idazlea pertsona bera izan daitezke, baina ez du zertan horrela izan. Autorea birdefinitu beharra dago antzerkian: Lipus antzerki autorea dugu, baina bere obrak ez ditu berak idatzi, Jon Gerediagak baizik”. Lipusek berak 2015eko udazkenerako iragarri du bere lan berria izango dena, aspaldiko partez Jon Gerediagarekin elkarlanean: Etxekoak. Huts teatroa markarekin plazaratuko da lan berria.

Lauka antzerki talde sortu berrikoek ez dute Lipus zuzendari izango, baina bai kanpo begiradan akuilari. ZUBI laguntza jaso du aurten Lauka taldeak, eta Xabier Mendiguren Elizegiren Amodioaren ziega antzezlana taularatuko dute. Udaberrian izango da estreinaldia, eta dagoeneko lotu dituzte hainbat data.

Pasa den udaberrian aurkeztu arren batez ere udazkenean ari dira mugitzen Tartean teatrokoek Pankreas izeneko lana. Patxo Telleria da testuaren egilea eta, Ez dok hiru Bikoteatroarekin egin lanetan bezala, hemen ere testuak garrantzia handia du: kasu honetan bertsoz eman dute gidoi osoa.

Testua bai, baina

Heltzear diren estreinaldien artean bada teatrorako pentsatuak ez dauden testuetatik abiatutakoak ere. Euli-giro proiektua horren lekuko, teatroak hitzarekin izan ditzakeen bide anitzen adierazle. Kamikaz kolektiboa sortu dute hiru aktorek, Miren Gaztañaga, Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak, Dorleta Urretabizkaia idazle eta aktorearen konplizitatea bilatu dute kanpo begiradan, Uxue Alberdiren liburua izan dute abiapuntu, Sylvia Plath, Mari Luz Esteban eta Danele Sarriugarteren hitzak ere hartuta. Dena den, testuak baino gehiago testuetako giroa hartu dute batez ere abiapuntu, esperimentazioa oinarri. Urriaren 31n estreinatuko dute Azpeitiako Euskal Antzerki Topaketan.

euli giro

Lerro hauek argitaratu ditugun unean BAD jaialdia ari da ospatzen Bilbon, arte eszenikoak ulertzeko modu askotarikoen erakusleiho. Euskarazko eskaintza bi egonen da aurten programazioan: Metrokoadroka & J.B. Pedradas taldeek aurkeztutako Salto antzezlana, eta Horman Poster taldearen Magia sinpatikoa.

Salto-ren kasuan egileek testu poetiko ez-narratibo bat hartu dute abiapuntu, taldeko idazleak sortua baina gerora taldean eginiko sormen prozesuan osatu eta amaitu dutelarik bertsio definitiboa. Testuari, dena den, testuak berak agertzen ez dituen bestelako edukiak eta hariak gehitu dizkiote, lan fisikoaren ondorioz.

magia sinpatikoa

Magia Sinpatikoa lanaren kasuan, hainbat hizkuntza darabilzkite egileek oholtzan, eta testuaren erabilera performatiboa da oso, literaturtasunetik at. Walter Benjaminen aipu batetik abiatzen dira egileak: “Gaitasun mimetikoa besteen antzeko izateko konpultsio magikoa besterik ez da”. Hauxe dio berriz gaiaren muinak: “Umetxoak bezala sorgindu gaituzte historia horrela izan delako kontu horrekin. Magia Sinpatikoa europarroi dagokigun historia kolonialari begirada bat da. Cliché–en bitartez kuadro bat, paisaia bat eraikitzen dugu zeinaren bitartez XXI. mende hau arrotz bilakatu eta ber-ezagutu dezakegun”. Antzezlanaren gaia dela eta ikuskizun eleanitza da (euskera, gaztelera, frantsesa, ingelesa, woloffa) “baina aurkezpen bakoitzean hizkuntza bat gailenduko da: euskarazko bertsioa, gaztelerazko bertsioa, eta aurrerago nork daki...”. Magia sinpatikoa-ren euskarazko bertsioa gaur bertan estreinatuko dute BAD jaialdian, La Merced aretoan, eta abenduaren 21ean Gasteizko Baratza aretoan eskainiko dute berriz ere euskaraz.

Dejabu panpin laborategiak lan berria aurkeztuko du azaroaren 1ean Luhusoko Harri Xurin: Arrastoak. Dejabuk Le Petit Theatre De Pain eta Artedramak taldeekin batera ekoiztu ditu Errautsak eta Hamlet antzezlanak, bakarka berriz Gizona ez da txoria, Azken portua eta Gure bide galduak. Dejabu taldeak lehentasuna ematen dio talde lanari eta sormen prozesuan sortzen den materialari; hitzen poetika beste dramaturgiek duten poetikaren pare doa, idazlea aktore bat gehiago izango delarik prozesuan. Gure bide galduak-en ildotik, uztartu egingo dituzte kutsu poetiko sakoneko istorio narratibo bat, narrazio hori taularatzeko modu fisikoarekin. Oraingo honetan gainera, txotxongiloak erabiliko dituzte aktore errealekin batera.

arrastoak kartela

 

Performanceari begirada luzatuz: Beltzuria eta Hondakindegia.

Literaturatik abiatuta, gutxitan ematen da errezitaldi/aurkezpenaren formatua gailentzen dituzten lanak. Zentzu horretan azkenaldian aipatzekoak izan dira Hondakindegia lana eta bihar bertan entzun ahal izango den Beltzuria irakurraldia.

Hondakindegia Iñigo Astizek Susarekin argitaratutako Baita hondakinak ere poesia liburua du abiapuntu, eta badauka poemak helarazteko orduan jarrera eszeniko bat, dramaturgia bat. Astizek Mikel Ayerbe du oholtza lagun. Bergarako Zabalotegi antzokian eskaini zuten pasa den ostiralean oraingoz azken emanaldia izan dena.

Hondakindegia

Beltzuria liburuan oinarritua irakurraldi performatiboa eskainiko du bihar bertan (urriak 25) Ixiar Rozasek, hainbat artistek lagunduta: Maite Arroitajauregi “Mursego”, Idoia Zabaleta, Bigara, Harkaitz Cano eta Miren Elizalde. Rozasek eskainiko duen 3. irakurraldia da honakoa, liburua bezala hitzetatik harago ahotsaren espazio politikoa eta estetikoa ikertzea xede duen egilearen iker-bidearen barruan.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)