Elkarrizketak

Mikel Zubeldiari elkarrizketa

Hiru ipuin jaso ditu Marlboro gizona (Alberdania) liburuan

Ostirala, 2012-10-05

“Ipuin lehiaketetan ipuin onak saritzen dira askotan. Eta uste dut ez dutela beti behar bezalako oihartzunik izaten”. Mikel Zubeldiak Donostia Hiria saria irabazi zuen Marlboro gizona ipuinarekin. Txomin Agirre edota Julene Azpeitia sarietan ere garaile izan da beste ipuin batzuekin. Alberdaniak, berriki, Mikel Zubeldiaren hiru ipuin jaso ditu Marlboro gizona izenburupean plazaratu duen liburuan. “Julene Azpeitia sariketan garaile suertatutako beste bi ipuin hemen sartzen utzi izana pozgarria izan da”, aitortu digu. Mikel Zubeldiaren narrazioetan umorea da osagai nagusietako bat, “batzuetan esperantza ezaren putzutik sortutako umore lohia bada ere”.

Mikel Zubeldiari elkarrizketa

Donostia Hiria sariak oihartzun handia du. Azken edizioan, 1.250 lan izan dira aurkeztu direnak. Pozgarria izateaz gain, idazten jarraitzeko indarra emango dizu, ezta?

Bai hala da. Idaztea nire kasuan, lanez kanpoko hobby bat da, orduz kanpo, denbora-adabakietan burutzen dudana. Hartara, modu honetako sariek indarra ematen didate sorkuntzan segitzeko.

Estilo jasoa duzula zioen epaimahaiak. Zer kontatzen duzun bezain garrantzitsua da nola kontatzen duzun, ezta?

Estiloari garrantzi handia ematen diot. Nolabait esatearren, testuak esaten duenaz gain, barruko eraikuntzaz gain, behar-beharrezko du barne erritmo bat, musika bat, irakurleari aurrera segitzeko bultzada emango diona. Zaila da estilo jasoa deitzen dioten hura lortzea, testuaren orrazketa eta berrikusketa asko eskatzen du. Estilo jaso hura lortu arte, ez dut etsitzen. Baten batek masokismo estilistikoa deituko lioke.

Umorea ere ohikoa da zure lanetan.

Umorea berebizikoa zaie nire narrazioetan azaldu ohi diren pertsonaiei, bizi dituzten dramak eraman ahal izateko. Bestalde, umoreaz baliatzen naiz irakurleari helarazi nahi diodana modu samurrago batean azaltzeko. Nolabait esatearren, pastisari alkohol maila jaistearren ura gehitzen zaion modura, umoreaz baliatuz drama erlatibizatzen dut, samurtzen dut. Marlboro gizona (Alberdania, 2012) narrazio-bilduman ere nabarmena da umorearen presentzia. Batzuetan esperantza ezaren putzutik sortutako umore lohia bada ere.

Hiru ipuinak, giro bertsukoak

Alberdaniak argitara eman du ipuin irabazlea, Marlboro gizona. Osatze aldera edo, Zumaiako Julene Azpeitia lehiaketan sarituak izan ziren beste bi ipuin ere jaso dira hizpide dugun liburuan.

Ipuin lehiaketetan ipuin onak saritzen dira askotan. Eta uste dut ez dutela beti behar bezalako oihartzunik izaten. Pena izaten da. Hartara, Julene Azpeitiaren moduko maila altuko sariketan garaile suertatutako beste bi ipuin hemen sartzen utzi izana pozgarria izan da. Esan beharra dago baita ere, Marlboro gizona ipuinarenik batera sartutako beste bi ipuin hauek ere giro bertsukoak direla, eta pertsonaia batzuek errepikatu egiten direla.

Donostia Hiriako epaimahaiaren arreta horrela bereganatzeko, zer nolako pertsonaia osatu duzu?

Dora Maggo pintoreak gizonezko biluzien erretratuak margotzen dihardu azken urteetan. Arteaz baliatzen da bere barruan dituen ezintasunak azaleratzeko. Sasikoen plazara ematen duen bere estudioko leihotik zelatan ari dela, Marlboro gizona delako tipo estrainioaren ezagutza egingo du.  Bide-gurutze hartan, bien arteko egi, frustrazio, min eta beste hainbat sentimendu loratuko dira. Bien arteko abentura arriskutsua kontatzen diet irakurleei.

"Marlboro gizona maskulinitatearen arketipoa da (...). Horri buelta eman nahi izan diot", Hitzan irakurri genituen zure adierazpen horiek. Genero ikuspegia lantzen duen ipuina da ala ezer gutxi du kontakizunak hortik?

Irudipena dut sexu genero kontuetan estereotipo gehiegi erabiltzen edo jasotzen dugula, kontziente edo inkontzienteki, eguneroko bizitzan edo komunikabideetan. Marlboro gizona ipuinean, sexu genero bakoitzean egon daitezkeen tonalitate anitzak azpimarratu nahi nituen, nork nahi dituen tonu edo aukerak izateko eskubide edo beharraz. Inola ere juzkatu gabe. Besterik ez.

Txomin Agirre saria ere bitan irabazi duzu (bi narrazioak Euskaltzaindiarekin argitara emanak). Zein da hainbeste sari irabazteko "formula magikoa"?

Tamalez edo zorionez, ez dut idazteko denbora askorik. Idazteko gai edo zio berezirik ez dudanetan gainera, ez naiz hartara jartzen. Aukeran nahiago eta beharrezkoago ikusten dut irakurtzea. Idazten jartzeko motibazio berezi bat izan behar dut, ideia horretan sinetsi behar dut. Eta behin horretan jarri ezkero, dena ematen saiatzen naiz.

Lehiaketetatik aparte, ez duzu zure ibilbidea osatzeko modurik izan? Edo lehiaketa duzu, akaso, idazteko akuilu nagusi.

Nire ibilbidea gustuko ditudan istorioak sortu eta jendeari ezagutaraztea da. Horretarako lehiaketez baliatu izan naiz orain arte. Lehiaketak unibertsitateko azterketak bezala hartu izan ditut. "E" egunerako denak prest egon behar horrek, bultzada bat eman izan dit. Sarien akuilurik gabe, ez nukeen behar bada aurrera egingo. Baina idazteko beste akuilu garrantzitsua irakurleengana iristea da; ingurukoez gain, pixkanaka pixkanaka geroz eta jende gehiagorengana iristea. Nire ipuinen uhina zabaltzea, alegia.

Ez-lekuetan ibiltzearen abantailak

Zure ipuinek, maiz, kokaleku berbera partekatzen dute. Pertsonaia berberak ipuin ezberdinetan aurkituko ditugu. Zure Obaba propioa osatzeko xedea al duzu?

Ôchreland, Duppeville eta beste, nire irudimenak sorturiko ez-lekuak dira. Ez dakit nola, agian dudan lanbideagatik, munduan zeharreko bidaiengatik, nire barrenean mamitu diren leku imaginarioak. Edonon eta era berean inon ezin egon daitezkeen ez-leku horiek ematen duten distantzia eta askatasunagatik, eroso sentitzen naiz. Pertsonaiak ere narrazio batean baino gehiagotan azaltzen dira.

Elkarrizketari amaiera eman aurretik, zertan ari zara une honetan?

Esan bezala, azken urteotan, literatur hiri imaginarioetan esne-mamitan bizi izan naizen arren, badut orain eta hemen-era jauzi egiteko proiektu bat, nire lehenengo eleberria izango litzatekeena. Nolabait esatearren, Ôchrelandetik, hezur-haragizko euskal hiri baterako ibilbidea erakutsi nahiko lukeen nobela izango litzateke. Prozesu horretantxe nabil orain, nobela bat garatzeak suposatzen duen itsas-ekaitzaren erdi-erdian. Ez dezadala arrokarik jo... Ipuinen armiarma-sare antzeko bat ehuntzen ari ote naiz? Ez dakit.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)