Elkarrizketak

Jon Arretxeri elkarrizketa

Umorea eta kritika soziala baliatu ditu 19 kamera (Erein) nobelanOstirala, 2012-09-07

Idazle emankorrenetakoa da. Eta bidaiariena ere, akaso. Istanbul, Munich, Bamako eta Tangerren kokatu izan ditu bere liburuetako pertsonaiak. Nobela honetan ordea, 19 kamera izenekoan, Bilbon barrena dabiltza pertsonaiak. San Frantzisko auzoan, zehazki esanda. Ez da berritasun bakarra. Umorea baliatu du kontakizuna garatzeko orduan. "Eta kritika soziala ere bai. Nobela beltz gehienetan agertzen da eta nik ere banuen hori lantzeko gogoa", adierazi digu hitzen uberan izan dugun solasaldian.

Jon Arretxeri elkarrizketa

Bidaiekin lotuta egon dira zure aurreko nobelak. Azken honetan, ordea, etxean kokatu duzu trama.

Aldaketa handia izan da. Batez ere jendearen gomendioengatik egin dut. Beti hitz egiten duzu jende askorekin eta nobeletan beti jartzen dut nire e-posta. Jendeak maiz esaten zidan, "ondo dago atzerrian kokatzea nobela; bidaia-literaturaren kutsu hori ematea... Baina Euskal Herrian ezin da kokatu horrelako nobela beltz bat?". Eta horregatik egin dut.

Euskal Herrian dugun hiri antzeko bakarra Bilbo da. Beste hiriburuetan ez dago Bilboko San Frantziskoren parekorik. Eta nire nobeletarako horrelako giroa behar dut, nobela beltzeko giro tradizional hori: prostituzio-gunea, droga-gunea, etorkinak, jende behartsua, ghetto itxurako giroa...

Bidaia kontuez ahaztu eta hemen kokatu dut 19 kamera nobela. Dena den, afrikarra denez Bilboko San Frantzisko aldeko ghetto hori, ba nobela honek bidaiatik ere badauka zerbait.

Kontraste handiak aurki daitezke Bilbon bertan. Hori ere baliatu duzu nobela honetan, ezta?

Azken urteotan asko aldatu da Bilbo. Deustun nengoenean filologia ikasten, itsasadarra gauza nazkagarria zen. Ibai bazter guztia estolda modukoa zen. Ontziolak erdi abandonatuta... Eta orain, Guggenheim edota Iberdrola dorrea ageri dira bertan.

Kontrastea sortzeko aprobetxatu dut eta Bilbo aristokrata ere islatu dut nobelan, ezagutzen dudalako mundu hori. Operako mundu hori, Euskalduna jauregikoa. Ni banabil kantatzen Bilboko opera koruan, ABAOko jendearekin.

Gure gizartearen bi muturrak erakutsi nahi izan ditut. Kasu honetan Bilbokoak. Baina Euskal Herri osorako balio dezake. Nahiz eta Toure patera pisu horietako batean bizi, patuak eramango du opera mundu horretan kantatzen duen jendearekin kontaktuan jartzera. Horrek aukera ematen du kritika soziala egiteko, baina umore klabean egin dut hori.

Nire aurreko nobelak oso tragikoak ziren denak. Tangerren, Istanbulen, Lisboan... kokatutakoak oso gordinak ziren. Orain, berriz, gordintasunak gorabehera, umore klabean idaztea erabaki dut.

Asko bidaiatu duzu. Afrikan ibili zara eta pentsatzen dut ezagupen horiek oso garrantzitsuak izan direla pertsonaia nagusia, Toure, umore klabean jartzeko.

Noski. Afrikako Ipar Mendebaldeko eskualde hori nahikoa ondo ezagutzen dut, Mali, Senegal, Burkina-Faso... Baditut lagunak han bizi direnak eta baita hangoak hemen bizi direnak. Euren izaera ezagutzen dut, egon naiz eurekin han bizitzen eta euren alaitasun hori eta umorearen zentzu hori baliatu nahi izan dut. Positibotasuna eta praktikotasunaren ideia hori oso gustuko dut gainera. Bestela ezinezkoa izango zitzaidan horrelako pertsonaia bat osatzea. Arriskutsuegia izango litzateke.

Tonuan ere igartzen da, beraz, beste aldaketa. Zailtasunik eman dizu erregistro horretan aritzeak?

Ez, nahikoa argi neukan. Afrikarrek umore hori nola erabiltzen duten asko gustatu izan zait beti. Nahikoa identifikatua sentitzen naiz. Seguru sentitu naiz pertsonaia sortzerakoan, horrelako jende askotxo ezagutzen dudalako. Gainera, badut lagun bat Bamakon eta zalantzak argitzen lagundu dit.

 

Nobela beltzaren ezaugarriak ez dira falta. Desagertzeak, hilketak, protituzioa...

Eta kritika soziala ere bai. Nobela beltz gehienetan agertzen da eta nik ere banuen hori lantzeko gogoa. Euskaldun normalak nola tratatzen duen etorkin jendea, edota autoritateak nola hartzen dituen etorkinak. Inpunitatearen ideia ere hor dago denbora guztian.

Aurreko nobeletan trama indartsu bat osatu izan dut eta hori nobelaren ardatz nagusi bilakatu. Oraingo honetan badira trama paralelo batzuk baina ardatz nagusia Toure bera da. Ondo karakterizatutako pertsonaia da. Ondo finkatzen saiatu naiz, asmoa hori delako: beste nobela batzuetan ere, Tourerekin jarraitzea.

"Kamera horien atzean beste norbait dago"

Narrazioa garatzeko, nobelaren izenburuan zenbatu dituzun kamerak ere baliatu dituzu.

Benetan daude 19 kamera, hasiera batean behintzat 19 ziren, auzoaren kontrolerako baliatzen zituztenak. Delinkuentzia kontrolatzeko eta, behar izanez gero, di-da batean polizia edo anbulantzia bidaltzeko hara. Baina polemika handia sortu zuen. Jende asko ez zegoen prest. "Egun osoan kontrolatuta egon behar? Baina zer da hori?". Norberaren askatasunerako pentsa zer suposatzen duen... Baina ipini ziren, eta kamera horiek dena ikusten dute.

Nik nobelaren barruan bigarren narratzaile moduan erabili ditut. Narratzaile nagusia Toure bera da, lehen pertsonan mintzo dena. Baina gero bada bigarren narratzaile bat, hotza, objektiboa guztiz: kamerak. Kontatzen dute ikusten dutena, ikustea komeni ez diren gauzak... Eta kamara horien atzean beste norbait dago, kamera horien atzetik zer gertatzen den kontrolatzen.

Tourerekin saga bat sortzeko asmoa duzula aipatu duzu. Badituzu trama berriak buruan edo Toureren abentura gehiago argitara eman aurretik, beste libururen bat argitaratzeko asmoa duzu akaso?

Nobela oso ondo hasi da. Bilboko Liburu Azokan kristoren harrera izan zuen. Ni harrituta geratu nintzen, krisia dela eta ez dela, gauzak ez daude ondo, baina harrituta geratu naiz izan duen harrerarekin. Behar bada Bilbon kokatuta dagoelako.

Gijoneko Aste Beltzan ere jende askok hartu du. Beraz argi daukat, hurrengo nobela Tourerena izango da, Toureren bigarren entrega. Hasita daukat eta datorren udaberrirako kalean izango da, nahikoa bideratuta dauzkat ideiak eta ardatz nagusiak.

"Gijoneko Aste Beltzak ez dauka parekorik"

Madriletik Gijonerako bidea egin zuen uztaila hasieran Tren Beltzak, eta horrela hasi zen hain ospetsu bilakatu den Aste Beltza. Urtero mundu osoko ehunka idazle, editore eta kritiko biltzen ditu ekimen honek eta aurtengoan 140 idazle izan dira Gijon aldean. Horien artean gure solaskidea, Jon Arretxe. Oso pozik etorri da handik. 19 kamera (Erein) liburuaren aurkezpen ekitaldian, "aretoa bete betea egon zen, 200dik gora lagun elkartu ziren". Uztailean eman genuen albiste batean jaso genituen ondoko hitzak. Elkarrizketa hau osatze aldera, egoki ikusi dugu orduko solasaldi hura gogora ekartzea.

Gijoneko Aste Beltzan izan zinen uda hasieran. Gustura itzuli zinen handik, ezta?

Oso gustura, benetan. Ez nintzen guztiz konbentzituta joan. Alde batetik, tren batean sartu behar nuen hainbat pertsonekin, gehienak ezezagunak, eta ni ez naiz lehengo momentuan berriketan hasten den horietakoa. Baina idazle pilo bat eta kazetari pilo bat ezagutu ditut, zaleak ere...

Gainera, gauza ederrak pasa zitzaizkidan. Tren Beltzean, Madrildik Gijon aldera bidean, greban ziren meatzarien ondotik pasa ginen eta eurekin elkartzeko aukera izan genuen. Oso polita izan zen.

Eta Gijonen ere, oso ondo. Nire liburuaren aurkezpen-ekitaldian aretoa bete betea egon zen, 200dik gora lagun elkartu ginen. Oso aurkezle ona izan nuen gainera, Juan Bolea. Oso ondo asmatu zituen 19 kamera nobelako klabe nagusiak; eta oso ondo azaldu zituen nobelaren inguruko kontuak. Saio atsegina egin genuela uste dut eta jende pilo bat hurbildu zen. Liburua han bertan zegoen erosteko, eta oso ondo mugitu zen.

Gijonekoa, beraz, plataforma ederra izan da.

Kanpora ateratzen zarenean konturatzen zara Euskal Herritik kanpo ez zaituela inork ezagutzen. Horrelako lekuetara joan beharra dago. Nik nobelak orain bi hizkuntzetan ateratzen ditut aldi berean, eta salmentetatik bizi naizenez, ba nahitaez egin behar ditut horrelako gauzak; gainera ondo ateratzen badira, ba fenomeno.

Bi hizkuntzetan eta aldi berean argitaratzea abantaila izan da, beraz.

Duda barik. Baina horrek aldi berean ekarri behar du promozio serio bat. Gijonen aurkezpenak egiten egon naizen bitartean, Madrilera, Valentziara joatera ere gonbidatu naute. Ea pixkanaka pixkanaka ezagunak egiten garen mundu horretan ere.

Agertoki egokia da Gijonekoa, zuk lantzen duzun generoari lotuta dagoelako erabat.

Ezin hobea niretzat. Eta onena. Nobela beltzaren inguruan egiten dira antzeko ekitaldiak Bartzelonan, Getafen... Baina ez dauka parekorik. Ezin da imajinatu ere egin zer nolako azoka den Gijonekoa. Uste dut 25. saioa izan dela honakoa. Festa gisa funtzionatzen du baina liburu azokaren bueltan dago antolaturik. Aurten, 140 idazle izan dira handik igaro direnak. Prentsan ere oihartzun handia du.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)