Elkarrizketak

Jabier Muguruzari elkarrizketa

"Xirimiriak zaparrada batek baino gehiago bustitzen du"Ostirala, 2015-02-13

"Literaturak beste modu batean hitz egiteko aukera ematen dizu. Elkartasunaz eta eskuzabaltasunaz, adibidez. Iradoki egin nahi izan ditut gauza batzuk. Oso eskuzabal jokatu dezake batek egoera konkretu batean, baina oso miserable izan daiteke beste egoera baten aurrean. Nik horrelako kezkak izaten ditut eta horretarako bide oso egokia da literatura". Kantuan, prentsan eta irratian aritu ohi den estilo berean idatzi ditu Hilen logika ezkutua (Erein) liburuko ipuinak. Modu sotilean, belarrira xuxurlatuz. Goiburu larriez baino, iradokizunez beteta dago liburua. "Nire aspaldiko apustua da hori. Beti defendatu dut xirimiriak zaparrada batek baino gehiago bustitzen duela. Saiatu behar dela iradokitzen. Hori da nire erregistroa, baita musikan ere. Eta horretan saiatzen naiz".

Jabier Muguruzari elkarrizketa

Ipuin hauen atrezzoa egunerokotasuna da. Eguneroko martxan irudikatu dituzu pertsonaiak.

Ez dakit hori liburuarentzat oso defentsa ona ote den. Hain du fama txarra egunerokotasunarenak.

Gure eszenatokia eguneroko bizitza da, hori argi dago. Hor gauza asko gertatzen dira, eta niri interesatzen zaidana da ulertzea zergatik egiten ditugun egiten ditugun gauzak. Modu batera jokatzen dugu baina, askotan, beste indar batzuk bultzatzen gaituzte horretara. Txotxongiloen figura erabili nuen beste elkarrizketa batean. Gero irakurri nuen eta gehiegizkoa iruditu zitzaidan. Bizi ditugun garai hauetan bereziki.

Literaturak gure jokabideak aztertzeko bidea ematen dit. Nietzschek oso ondo esplikatzen zuen: zenbateraino gauza garen egiari aurre egiteko. Ni ez naiz oso ausarta, baina ausartzen naizen neurrian, egia interesatzen zait.

 

Umorea eta ironia dira liburu honetako bi osagai. Garai nahasi hauen aurkako antidotoak dira akaso, umorea eta ironia?

Dudarik gabe. Azkeneko liburua duela 16 urte plazaratu nuen, Laura kanpoan da (Erein). Liburu horretan umorea azaltzen da baina askoz gutxiago. Garai hartan, bizitzari buruzko nire ikuspuntua mikatzagoa zen. Eta agertzen bazen nire lanetan, umore horrek gehiago zuen sarkasmotik. Baina momentu honetan umorea asko interesatzen zait, maila pertsonalean ere bai, eta aldarrikatu egiten dut gainera. Urteak ez dira alperrik pasatzen. Beste etapa batean gaude orain.

Eta bestetik, hau askotan aipatu izan dut, Kiko Venenorekin hasi nintzenean zera esaten zidan: ese humor que nos defiende de la realidad, Jabier. Gauza batzuen aurrean, nik badut berotzeko edo haserretzeko joera, eta berak hori botatzen zidan: ese humor que nos defiende de la realidad, Jabier.

Baina ez eskapismo ariketa bezala. Umoreak laguntzen digu aurrera egiten. Errealitateari uko egin gabe, gogoeta sakontasuna eta aldi berean umorea behar dugu. Uztarketa hori beharrezkoa da eta uste dut ondo funtzionatzen duela. Hala iruditzen zait. Bestela galduta gaude.

Saiatu naiz umorea eta ironia baliatzen. Baina modu naturalean. Uste dut errazago ateratzen zaidala orain. Esan bezala, umorea aldarrikatzen dut, baina kontzientzia ere bai.

Kezka sozial bat ere sumatu dugu. Eta kezka sozialarekin batera, kritika. Opor umoretsuan ipuinean, adibidez. Bidaia agentzian lan egiteko eskaintza jaso du Anek, hilean 150 euro gehi saldutako bidaia bakoitzeko komisio bat. Jonek aldiz, egunkariko argazki handiena kirolari bati eskainitakoa dela deskubrituko du. Zarata hori badago, kritikarena, eta sumatzen da.

Liburuko ipuin askotan dagoela esango nuke. Bi adibide horiek errealitatetik hartuta daude. Eguneroko martxan, detaile asko daude, oso interesgarriak direnak. Apunte asko hartzen ditut nire koadernotxoan. Bidaia agentziarena benetakoa da, hori errealitatetik jaso nuen. Eta bestea ere bai!

Afari animatuan, egoera miserable bat azaltzen duzu. Gizakiaren alde iluna ere ageri da hainbat ipuinetan.

Literaturak zerbaiti buruz beste modu batean hitz egiteko aukera ematen dizu. Elkartasunaz eta eskuzabaltasunaz, adibidez. Iradoki egin nahi izan ditut gauza batzuk. Eskuzabaltasunarena gai klasiko bat da Euskal Herrian, dena eman zuen, ez zuen dena eman... Ipuin horretan planteatu nahi dudana da eskuzabaltasun mota ezberdinak daudela. Oso eskuzabal jokatu dezake batek egoera konkretu batean, baina oso miserable izan daiteke beste egoera baten aurrean. Nik horrelako kezkak izaten ditut eta horretarako bide oso egokia da literatura.

Errealitatetik ere hartua izango da Adiskidetasun froga ipuinean azaldu duzuna. Disko bat kaleratu du kantari batek. Akats bat du, baina bere hurbileko musikariak ez dira akats horretaz jabetuko.

Musikan hasiberri bati pasa zitzaion hori. Laugarren kantuan salto egiten zuen diskoak eta abisatu egin nion. “Ba inork ez dit ezer esan”, erantzun zidan, eta lur jota geratu zen. Bere hurbilekoek ez zuten bere diskoa entzun! Disgustu ikaragarri hori azaldu nahi nuen. Bide batez, beste modu batean bizitzen ari garela ere adierazi nahi nuen.

Hasiera batean harritu egin nintzen testigantza horrekin, baina gero pentsatu nuen ez dela hain harritzekoa. Bizi garen erritmoan, ez zait hain harrigarria iruditzen. Oraintxe bertan baditut zabaldu gabeko diskoak, irakurri gabeko hainbat liburu... Gaindosi basatia pairatzen ari gara. Eta hori guztia beste modu batean adierazi nahi nuen.

Arrazismoa (Nicolae eta Andrei), matxismoa (Arriskua errepidean), kezka horiek ere badute tokirik zure ipuinetan.

Gai horiek oso inportanteak dira niretzat, arrazakeria eta matxismoa. Uste dut oso modu naturalean agertzen direla liburuan. Horiek eta beste kontu batzuk ere.

Azken urteotan, erne bazoaz bizitzaren barna, hainbat gauza ikusten dituzu. Modu batera edo bestera, hor daude. Azken diskoan ere, saiatu nintzen hori dena islatzen. Zergatik? Ikaragarria iruditzen zaidalako.

"Arnasa behar dugu"

Dena den, atsekabetik urruntze nahi bat nagusitzen da ipuinetan. Sentsazio poliedrikoa da akaso, ipuin bakoitzak argi ezberdin bat duelako. Tonetti hemen zen ipuinean kontatzen dena gogor samarra da. Baina bada argi bat edo itxaropenerako helduleku bat. Emak bakia pelikulatik hartutako esaldia da heldulekua ipuin horretan: “Klown bat ez da sekula hiltzen”.

Kantua ere egin behar dut! Ari naiz horren inguruan. Pentsa film horrek zer eragina izan duen nigan.

Gullar poeta kubatarrak oso ondo adierazten zuen, eta Xabier Letek ere antzekorik aipatzen zuen. “Garai batean, nik ere sarkasmorako joera izan nuen. Baina iristen da momentu bat non konturatzen zaren oso gogorra dela norberaren bizimodua aurrera ateratzea eta horrek, pixkanaka, mina emateko gogoa kentzen dizu”.

Pertsona konkretuekin enpatia puntu hori izatea oso inportantea da. Gullar eta Lete aipatu dizkizut. Baina bestetik, urteak betetzen goaz, eta gauzak beste modu batean ikusten hasten gara.

Nik oso garbi izan dut idazteko orduan, eta baita nire kantagintzan ere: leiho bat eskaini behar diozu entzuleari. Bestela, zuloarena, oso gogorra da. Eta arnasa behar dugu.

Garai hauetan, are gehiago.

Dudarik gabe.

Ezengonkortasun izugarria dagoen garai hauetan bereziki.

Bai, dudarik gabe. Hor bada apustu garbi bat. Umorearekin lotuta dago. Iuju iuju horrekin ez, erregistro hori ez zaidalako ezer gustatzen, baina behar dugu aurrera egin.

Estilo aldetik, Hilen logika ezkutua ipuina da gehien bereizten dena. Fantastikotik duen bakarrenetakoa da.

Literaturak bide ematen dizu gaiak beste modu batera jorratzeko. Baina oso gogorra da idazle izateak eskatzen dizun jarrera. Oso nekagarria da hori.

Duela hiruzpalau urte, Erlea aldizkarikoek enkargua egin zidaten. Lehendik ere, ipuinak idazteko eskatzen zidaten lagun idazleek. Hilen logika ezkutua idatzi nuen Erlea aldizkarirako eta gustura geratu nintzen. Jende bati asko gustatu zitzaion eta kritika onak izan zituen. “Ipuin hori oso ondo dago”, behin eta berriz esaten zidaten, eta idazten jarraitu nuen.

Nik uste dut momentu horretan jarri nintzela martxan berriz ere, pozik geratu nintzen eta hasi nintzen berriro apunteak hartzen. Berez, ohar asko hartu ohi ditut, aipuak eta beste. Baina ipuin hura eta gero, istorio bat bideratzeko asmoz hasi nintzen apunteak biltzen.

Hitza eta musika, bi ardatz nagusiak

Kantuak direla, elkarrizketak direla, ipuinak direla... Egiten dituzun lan denak idazketari lotuta daude. Eta idazketa horiek denak gainera, badute sormenarekin lotura. Mundu beraren parte dira.

Batzuetan lagunek-eta galdetzen didate, “zenbat gauza egiten dituzu, Jabier”. Baina azken finean, musika eta hitza, bi horien bueltan nabil. Ardatz nagusiak bi horiek dira.

Eta denetan, idazteko modu bat findu duzu. Parafernaliatik urrun, gertuko egiten den boza da zurea. Zigilu propioa lortu duzula esan daiteke.

Eskerrik asko. Harkaitz Canok ere antzekorik esan zidan (kantuen hitzak idazten dizkio Harkaitzek Jabierri, aspaldiko lagunak eta kolaboratzaileak dira). Idazketan eta musikan oso ahots pertsonala lortu dudala esan zidan.

Zure ofizioari lotuta badaude hainbat ipuin, hainbat keinu. Bada kantariaren ideiaren inguruko hausnarketa bat.

Gure ofizioan batetik bestera ibiltzen gara. Juan Carlos Perezek zera esaten zuen: “kantu guztiak autobusean noala bururatzen zaizkit”. Mugimenduak badu zerbait. Zerbait mugitzen digu barruan. Guk badugu abantaila hori. Frantzian egon berri gara eta kantautore zahar batekin jo dugu. Jendearekin egoten gara, eta hango eta hemengo kontuak jasotzen ditugu. Eta horrek pistak, datuak, arrasto ezberdinak ematen dizkizu.

Ordenagailuan, eskuko telefonoan, telebistan… Estimulu ugari jasotzen ditugu egunero. Disko bat osorik eta jarraian entzuteko denborarik gabe bizi gara. Adiskidetasun froga ipuinean horretaz mintzo zara, ezta?

Ipuin horrekin gustura geratu nintzen, kezka hori jorratzen dudalako. Presaka bizi gara, arreta jartzeko arazo handiekin, eta honek ondorio asko ekartzen ditu. Oso aztertuta dago eta neurologoak ari dira hau ikertzen. Horregatik, ipuinean jaso dudan testigantza hori oso dramatikoa dela iruditzen zait.

Tolosako (Okzitania) musiko baten bitartez azaldu dut testigantza hori eta beste dimentsio bat hartu du. Adin bateko kantaria da protagonista. Irakurleek deskubrituko dute zergatik, baina bere hurbileko musikoek ez dute kantariaren disko berria osorik entzuteko betarik hartu, eta kezka horiek piztuko zaizkio, “baina zertan gabiltza? Zer gertatu da hemen?”.

Zeharka, beste gai bat ageri da ipuin horretan. Oso lotuta dagoena, komunikazioa-inkomunikazioarena. Aspaldiko obsesioa da hau.

"Esan ditut bestela nekez esango nituzkeen gauzak"

Salaketa potoloak egiteko garaia izan arren, panfleto estilotik oso urrun dago zure boza. Barrurago iristen da maiz iradokizuna.

Nire aspaldiko apustua da hori. Beti defendatu dut xirimiriak zaparrada batek baino gehiago bustitzen duela. Saiatu behar dela iradokitzen. Hori da nire erregistroa, baita musikan ere. Eta horretan saiatzen naiz. Beste batzuentzat badu indarra panfletoak, niretzat tak egiten du (eskuak gora igotzen ditu) baina berehala jaitsi egiten da.

Parafernaliatik urrun zabiltza gainera. Modu sotilean aritzeko joera duzu.

Nire kantari minoritario izakerak lagunduko du ziurrenik horretan, kar, kar, kar. Areto txikietan nabil gustura, baina noski, nire barruko desioa da nire obra ahalik eta gehien zabaltzea. Ez dut horren kontra egiten.

Anbizioa izatea inportantea da.

Noski baietz. Behar da. Garai batean akaso ezetz esango nuke, baina beharrezkoa da, jakina. Ezinbestekoa da, bere neurrian beti ere.

Liburua hasi da bere bidea egiten. Beste liburu bati heltzeko garaian, akuilu izango al da Hilen logika ezkutua? Edo beste 16 urte pasa beharko dute.

Ez dakit, ez dakit. Batetik, iritzi onak jasotzen ari naiz. Horrek animatzen nau. Aurretik ere, Erlea aldizkarian Hilen logika ezkutua ipuina plazaratu nuenean, inguruko lagun idazleen aldetik hitz onak jaso nituen. Esan didate ipuin hauek amaitu orduko arrastoren bat uzten dutela barruan, tono bat lortu dudala ere aipatu didate... Baina nik kantari bezala ikusten dut nire burua. Idatzi ere egiten duen kantaria naiz.

Bestalde, gozamena da ikusi eta bizi izan ditudan gauza batzuk gero paperera eraman ahal izatea. Hori ederra da. Adiskidetasun froga ipuinarekin, adibidez, oso gustura nago. Esan ditut bestela nekez esango nituzkeen gauzak. Literaturan beste forma bat eman diot kezka horri, eta orain beste zerbait dago ipuin horren barruan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)