Amuak

John Berger gogoan (II)

Asteazkena, 2017-01-18

John Berger hil eta zenbait egunera, amu bat argitaratu genuen, opari eder bat; amu horren bigarren partea dakarkizuegu orain: Amaia Apalauzak eta Iñigo Roquek itzulitako testua eta Haizea Barcenillak egindako gogoeta. Amu bat lekuaz eta begiradaz.

Urtarrilaren bigarrenarekin jaso genuen albistea: John Berger arte kritikari eta idazlea hila zen. Autore estimatua izanik, haren lanari buruzko hainbat mezu eta oroitzapen zabaldu ziren sarean eta komunikabideetan. Bergerren lana euskarara ekartzeko lehen alea Iñigo Aranbarrik ekarri zigun: hamar poema eta kontakizun bat euskaratu zituen. Orain, ordea, "Hamar mezu lekuaz" izeneko testua itzuli dute Amaia Apalauzak eta Iñigo Roquek, eta Katakrak liburu-dendaren webgunean jarri dute irakurgai.

Lekuaz

Hauxe dio lekuari buruzko hamar mezuetako bigarrenak:

Jendea lekuren bat iragartzen duten seinaleen atzetik abiatzen da egunero, ez etxera joateko, baizik eta aukeraturiko helmuga batera iristeko. Bide-seinaleen, aireportuetako ontziratze-seinaleen, terminaletako seinaleen atzetik. Batzuek plazer hutsez bidaiatzen dute; beste batzuek, negozio-kontuengatik; beste askok, galduta edo etsipenak jota. Iristean, konturatzen dira ez daudela harako seinaleek iragarritako lekuan. Leku berrian, dagozkion latitude, longitude, ordu eta dibisak topatzen dituzte; ez, ordea, aukeratutako helmugaren dentsitate erlatiboa.

Aukeratua zuten lekutik hurbil daude. Kalkulaezina da zer distantziatara dauden leku horretatik. Hiribide baten zabaleraren adinakoa izan liteke, edo mundu oso baten distantzia. Lekuak galdua du helmugaren zentzua. Galdua du bere esperientzia-lurraldea.

Batzuetan, bidaiari horietatik gutxi batzuek bidaia pribatu bati ekiten diote, eta iritsi nahi zuten lekura iristen dira: uste zuten baino latzagoa zaie, baina lasaitu itzela hartzen dute hura ikustean. Batzuek ez dute sekula lortzen halakorik. Gidaritzat harturiko seinaleak onartzen dituzte, eta iduri du ez dutela bidaiatu eta betiko lekuan geratu direla.

JA07 Berger 450

Irudiak: Anabell Guerrero

Begiradaz

Arte kritikan ekin zion bere ibilbidearen John Bergerrek, eta artearekin lotura esturik ez duen jende asko erakarri duen arren gerora, nabarmena da artearekin lan egiten duten beste hainbatengan izandako eragina. Bergerren Ways of Seeing [Ikusteko moduak] liburuak, adibidez, itzal luzea du. Horren lekuko, Haizea Barcenillak atzo kontatu zuena, Berriako Begiz zutabean.

Begiratzea ez da zorizko ekintza. Ikusi, nahi gabe ikusten dugu, baina begiratzeak intentzioa darama soinean. Begiradan hautaketa dago: zein materia, kolore edo formaren gainean geratuko diren gure begi ikusnahiak; zenbat denbora pasatuko duten bertan; zein detaile bilatuko dituzten; zeri begiratuko dioten ondoren, konexioak sortuz. Begiratzen dugunean, munduarekin harremana ezartzen dugu. (...)

Begiratzen ikasten da. Ikasten da azkar edo poliki begirada finkatzen, ikasten da forma baten bihurriak prezatzen, hari lotzen zaizkion balio kulturalak irakurtzen, haietatik sortzen zaizkigun galderak ezartzen. John Bergerren Modos de ver liburuak irakatsi zidan hori Artearen Historiako lehen mailan, Iñaki Diaz Balerdi irakasleak eskuratuta, eta egun nik eskuratzen diet liburu bera ikasleei, Bergerrek erakutsi zidalako, eta erakusten jarrai dezakeelako, norberak aukeratu behar duela nora eta nola begiratu nahi duen.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)