Amuak

John Berger gogoan

Asteazkena, 2017-01-04

Urte berriak John Bergerren heriotza ekarri digun honetan, opari ezin ederragoa egin digute irakurleoi Susa argitaletxeko lagunek Literatur Emailuetan: Bergerren 10 poema eta kontakizun bat, Iņigo Aranbarrik euskaraturik. Emailuetako amua irentsita izan dugu gogoan Bergerren lana Amuak atalean.

Honatx Literatur Emailuetan jaso duten aurkezpen testua:

"2017ko urtarrilaren 2an, urtea hasi berri, hil da John Berger, “begi gainean izarak zabalduta, lekutu da mundutik”. 1926an Londresen jaioa, margolari izana eta arte kritikari zorrotza, idazletzari lotu zitzaion ondoren eta obra oparoa eskaini. Into their Labours trilogiak oihartzun handia izan zuen, lurra eta hura bizi dutenen kantu gordin eta ederra, baina haren obra osoa da azpimarratzekoa. Narratibaz gain, saiakera landu zuen —arte eta estetikaren alorrean bereziki, begiradaren munduan— eta baita poesia ere. Haren heriotzan, Iņigo Aranbarrik euskararatutako hamar poema eta ipuin bat eskaintzen dizkizuegu."

ISTORIO KONTALARIAK

Herioren aldamenean kuzkurturik

idazten,

haren idazkariak gara

 

bizitzaren argitan leitzen

haren liburu nagusia osatzen dugu

 

hura amaitzen den tokian,

lagunok,

gu hasten gara, hilotzaren albo bietan,

 

eta aipatzen dugularik,

istorioa amaitzera doalako

aipatzen dugu.

 

Bergerren heriotzaren haritik tiraka, Ixiar Rozasen lana etorri zaigu gogora, berak sarritan izan baitu Berger aipagai. Beltzuria liburuan kasu, haren Pages of the Wound (1996) laneko pasarteak itzuli zituen (32. esku oharrean topatuko duzue), zer eta heriotzari buruz (ekonomiari eta politikari loturik). Honatx lerro batzuk:

"Hildakoak behin izandako pertsona bakanak modura ikusteak haien natura iluntzen du. Saiatu bizidunak hildakoek ikusten gaituzten bezala kontsideratzen: kolektiboki. Kolektibitate hori ez litzateke espazioan bakarrik bilduko, ezta denboran ere. Bizidun guztiak hartuko lituzke bere baitan. Eta horrela hildakoengan pentsatuko genuke ere. Behin bizi izandakoak bezala pentsatzen dugu hildakoengan; baina hildakoek bizidunak ere sartzen dituzte beren kolektibitatean".

Jatorrizko testua egoki kokatzeko eta ulertzeko, ikus Ignazio Aiestaranen itzulpena bere Argiako blogean: John Berger bizikide hildakoen ekonomian.

john-berger

Amuak atalean izan dugu inoiz Bergerren saiakeragintza eta militantzia mintzagai, batez ere Jean Mohr argazkilariarekin egindako elkarlanaren harira. Ikus HEMEN A seventh man liburuari buruzko iruzkina.

“Argazkien eta hitzen arteko harremanean, argazkiak interpretazio bat eskatzen du eta hitzek gehienetan interpretazio bat eskaini. Argazkiak, ebidentzia den heinean eztabaidaezina da, baina ahula esanahiari dagokionean, argazkiak hitzen bitartez hartzen du esangura. Hitzak aldiz, haien kabuz orokortasunaren planoan geratzen dira, argazkiaren izaera eztabaidaezinari esker berreskuratzen dute benetakotasun espezifikoa. Une horretan, elkarrekin biak, oso boteretsuak bilakatzen dira”.

Poesia eta saiakeragintza izan ditugu mintzagai, gogoan hartu beharrekoak dira baita ere narraziogintzan egindako lanak. Emailuan aipatzen den Into their Labours trilogiako hirugarren partea da Lilac and Flag. Bertatik atera dugu aipu hau:

"Gizonak eta emakumeak ez dira zakur honen modukoak, hitzak dituztelako. Beren hitzekin guztia aldatzen dute eta ez dute ezer aldatzen. Zirkunstantziak direnak direla, hitzek eman eta kendu egiten dute. Izan esandako hitzek edo pentsatutakoek. Beti dira inkongruenteak, ez dutelako sekula bere lekuan zehatz enkajatzen. Horregatik sortzen dute mina hitzek, eta horregatik eskaintzen dute salbazioa."

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)