Amuak

Jesus Sudupe eta Juan Luis Zabala: "Larru beltzez"

Osteguna, 2016-11-10

Jesus Sudupe "Patta" musikariak "Larru beltzez" kantua sortu du Juan Luis Zabala idazlearen hitzekin osatua. Jarraian topatuko dituzue kantua, hitzak, eta Zabalak berak idatzi duen aurkezpena.

Kantuaren aurkezpena, Juan Luis Zabalaren eskutik:

"Txistu eta biok nobela irakurri baduzue, Txistu gure txakurrarekin paseoan mp3a belarrietan Radio Marca entzuten irudikatuko nauzue seguru asko, futbol partida baten emanaldia entzuten, edo Real Madril taldeari buruzko tertulia morboso bat bestela.

Baina Txisturekin paseo luzeak egiten nituen garaian —garai iragana jada, koitadua ez baita dagoeneko paseo luzeetarako gauza— mp3an musika ere entzuten nuen askotan, nahiz eta horrelakorik ez dudan esaten nobelan, ez zetorrelako bat kontaketak eskatzen zuenarekin, azken batean, oso oinarri errealak dituen arren, Txistu eta biok funtsean fikzioa baita, fikziozko eleberria.

Garai hartan entzuten nituen kantuen artean gustukoenetako bat Jesus Sudupe Pattaren Larru beltzez zen. Artean ez zuen letra finkorik, neuri eman baitzidan musikaren egileak kantuaren hitzak idazteko enkargua. Idatzi nion letra, gustatu zitzaion eta orain letra eta guzti egin du grabazioa Pattak.

Hemen duzue emaitza. Gustura jakingo nuke zer iruditzen zaizuen."

Larru beltzez

Ez, guk ez genekien

bizi egin nahi genuela.

Ez, nik ere ez nekien

bizitzea maite dudala.

Neure burua puskatu nuen

denen kontra,

ikusitako guztiarekin

nazkatuta.

Larru beltzean bilduta.

Ez, guk ez genekien

eguzki bat genuela barruan.

Ez, nik ere ez nekien

ez nuela nahi nik nahi nuena.

Neure burua puskatu nuen

denen kontra,

ikusitako guztiarekin

nazkatuta,

higuinduta,

hunkituta.

Larru beltza

hauts zuria da.

Denen kontra.

Ezin kabitu.

Sexua, droga, rock’n’rolla.

Beti hautsita.

Ez genekien,

ez nekien

bizitza maite dudala.

Bizitza, bizitza, bizitza.

Neure burua puskatu nuen

denen kontra,

ikusitako guztiarekin

nazkatuta.

Larru beltzean bilduta.

Larru beltzez, larru beltzez, larru beltzez.

Hauts zuria, baby.

Beste kantu bat

Aurretik ere jaso izan dugu Jesus Sudupe eta Juan Luis Zabalaren arteko kolaboraziorik: entzun aurretik jaso dugun "Maitea besarkatzean" kantua. Poema musikatuak atalean topatuko duzue kantu gehiago.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)