Amuak

"Gogoratzen nauzuenetan": indarkeria matxistatik askatzeko ipuinak eta irudiak

Astelehena, 2016-12-26

Hainbat eragilek osatutako Txingudi Anti Sexista plataformaren ekimenez aurkeztu zuten azaroan Irunen, abenduan Durangoko Ahotsenean, Gogoratzen nauzuenetan liburua (Parean elkarteak plazaratua): “indarkeria matxistarik gabeko jendartea irudikatzeko ahalegin kolektiboa”. Asun Casasola literatur lehiaketan parte hartutako hamahiru testu eta haiei hamahiru ilustratzailek gehitutako irudiak.

Hamahiru idazle, hamahiru ilustratzaile, hamaika estilo, helburu bakarra: kulturatik ere, sormenetik ere, elkartasunetik ere indarkeria matxistari aurre egitea, indarkeria matxistatik askatzea. Honatx TAS plataformako kideek kontrazalera ekarritako aurkezpen hitzak:

“Eskuartean duzun liburua indarkeria matxistarik gabeko jendartea irudikatzeko ahalegin kolektiboa da. Auzolana eta herritar izaera ditu zutabe eta Nagore Laffage eta patriarkatuaren biktima izan diren emakume guztiak izan nahi ditu gogoan.

2008ko uztailaren 7an hil zuten Nagore Laffage. Ordutik, baina, izugarria izan da haren amak, Asun Casasolak, erakutsitako indarra eta kemena. Bere izena duen Ipuin Lehiaketarekin Asun omendu nahi izan dugu Irungo hainbat eragilek, baita lehiaketak izandako bi edizioetan parte hartutako 500 pertsonek ere.

Ipuin horietako batzuk eskuartean dituzu orain, hainbat emakume ilustratzailek mimoz egindako marrazkiekin lagunduta.

Ilusioz eta elkarlanean erditutako lana da hau, orain zure proiektua ere badena.

Gozatu, hausnartu eta elkarbanatu.

Guztiok garelako Nagore.”

Asun Casasolak berak idatzi du liburuko hitzaurrea:

“Liburu txiki honek Asun Casasola Ipuin Motzen Lehiaketan egindako lan aparta jasotzen du, indarkeria matxistaren aurkako gaitzespen keinu bat. Adin, arraza edota klaserik aintzat hartzen ez duen XXI. mendeko gaitza da indarkeria matxista, eta, tamalez, gertuegi bizitzea egokitu zait. Denborak irakatsi dit, ekintza xumeenek ere, eragina izan ohi dutela. Hori dela eta, idatzi hauetan ageri den hitzetako bakoitzak indarra ematen dit jendartean errotuta dagoen germen honen aurka borrokan jarraitzeko.”

img488

Proiektuko eragileek webgune oso zaindua zabaldu dute liburuaren berri emateko; salmenta puntuez, albisteez, eta aurkezpen testuez gain, eduki guztiak osorik ikus daitezke bertan. Hauek izan dira parte hartzaileak:

-Testuen egileak: Miren Usabiaga Artola, Maite Artabe Urkiri, Jose Luis Chaparro Gonzalez, Yose Alvarez Mesa, Alexander Martinez Iturria, Onintza Irigoien Aizpitarte, Jose Aristobulo Ramirez Barrero, Eva Campo Müller, Iñigo Legorburu Arregi, Olga Alicia Defferrari Seillant, Nerea Sarriegi Atienza, Amaia iriondo Aristondo, Sergio Generelo Tresaco.

-Ilustratzaileak: Lucia Calvo Sanchez, Iune Trecet Obeso, Naxara Maiztegi Jaunsaras, Olivia Gormaz del Rio, Erika Valero Alzaga, Idoia Beratarbide Arrieta, Nerea Olazabal Ormazabal, Karmen S. Campo, Iraitz Arabolaza Etxenagusia, Lorena Martinez Oronoz, Alba Sistiaga Poveda, Maider Goikoetxea Calvo, June Martin Sagastume.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)